ETE ligako lehen asteburuan bi estropada jokatu dira eta Tolosaldea trainerua ondo hasi da, lehen eta bigarren postuak lortuz. Larunbatean etxeko bandera eskuratu zuten, II. Tolosaldeko Bandera, bigarren urtez jarraian, eta igandean, Getariako uretan, bigarren amaitu zuten. Deusto izan zen Getarian irabazi zuena eta larunbatean bigarren egin zuena, Tolosaldearekin postuak trukatuz.
Arene Portularrume arraunlariak azaldu duenez, «beti estropada bat irabazteak bere alde on hori du, baina etxekoa izanik berezia izaten da. Gainera, iaz irabazi genuen eta aurten berriro». Itsasoan eta ziabogan ez zirela ondo aritu esan du, baina bukaeran erreakzionatu eta lehen postua lortu zuten. Getariakoan, itsasoan zen estropada osoa. «Irteera ez genuen ona egin baina gero arraunean ondo joan ginen. Ziabogatik ateratzean Deustok berari ateratako denbora jan zigun, eta gero bueltakoan erritmo aldetik ez ginen ondo joan eta irabazi egin zigun».
Lehen asteburuak balio izan du traineruen maila ezagutzen joateko. «Nahiz eta aurreko urtean ondo ibili, aurten ez genekien nola ariko ginen. Guk badakigu zer maila dugun eta zenbateraino hobetu dugun, baina beste taldeak, batez ere bizkaitarrak, ez ditugu kontrolatzen, eta balio izan du ikusteko non ginen eta besteak nola ibiliko ziren», zehaztu du Portularrumek. Hain justu, Deustoren jardunak pixka bat ezustean harrapatu ditu, ez baitzuten espero hor goian egongo zenik.
Bi estropadak jokatuta, Deusto eta Tolosaldea daude lehen bi postuetan, bakoitza 21 punturekin. Ondoren Hibaika dago 17 punturekin eta San Juan laugarren 15 punturekin. Sailkapeneko lehen bi traineruak sailkatzen dira igoera fasea jokatzeko. Asteburu honetan estropada bakarra izango dute, IX. Pasaiako Bandera, igandean.