Bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi du aurten ere Uemak Bertatik Bertara kanpainarekin. Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu, eta ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izango dira guztiak.
Irailaren erdialdera arte luzatuko dute kanpaina bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko. Horretarako hainbat baliabide eskainiko ditu Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta pasa den urtean bezala 300.000 mahai-gaineko inguru banatuko ditu ostalarien artean.
UDALAK
Dozenaka udalek eta hainbat garapen agentziak egin dute bat kanpainarekin, tartean eskualdeko 14 herrik: Lizartza, Altzo, Alkiza, Amasa-Villabona, Leaburu-Txarama, Baliarrain, Orendain, Orexa, Aduna, Zizurkil, Amezketa, Berastegi, Tolosa eta Ikaztegieta. Kanpaina benetan eraginkorra izan dadin, dagozkien sektoreetako arduradunak eta langileak trebatzea «giltzarria» dela uste du Uemak eta hori dela eta online saioak prestatu ditu udalekin batera. «Askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela», esan du Uemak.
Azken batean, bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei.
Kanpainaren berri emateko, Uemako kide diren herrietako merkatariei eta ostalariei ekimenaren berri eman diete. Besteak beste, eskuorri bat banatu dute denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko. Eskuorrian euskaraz aritzeko oinarrizko hiztegira bideratzen dira bisitariak, QR kode baten bidez.