Tolosaldeko ospitale publikoa

«Garrantzitsuena zerbitzuak dira»

Asier Imaz/Rebeka Calvo Gonzalez 2021ko eka. 24a, 11:58

Osasun publikoaren alde egindako manifestazio bateko artxiboko irudia.

Eskualderako ospitale publikoa egingo dela esan dute agintariek, baina TOPA koordinakundearen lana ez dela bukatu esan du Jabi Arana taldeko kideak.

Pentsa liteke Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde Koordinakundeko kideak pozik eta lasai daudela Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ospitale publikoa egingo duela baieztatu duelako. Baina ez da guztiz horrela.

10 urte dira Tolosalderako gainontzeko eskualdeek dute osasun zerbitzu publiko bera eskatzen dutela, eta iragarpenak iragarpen, horrela jarraitu behar dutela dio Jabi Arana taldeko kideak. «Erne egon behar gara, ospitalea noiz eta non egingo duten ari dira argitzen, garrantzitsua da noski, baina ez garrantzitsuena. Garrantzitsuena zerbitzuak dira; bertan eskainiko dituzten zerbitzuak behar bestekoak izan behar dira, beste eskualdeek dituzten berberak», esan du. Koordinakundeak zalantzak ditu eta horregatik kalean jarraitzen du, 10 urte hauetan bezala, jendea informatzen eta galderak azaleratzen.

KOKALEKUA ETA EPEA

Agintariek mahai gainean jarri dituzten bi kontu aletu ditu Aranak: noiz egingo den batetik, eta non egingo den, bestetik.

«Noizko egingo dute? Garrantzitsua da bai, baina are garrantzitsuagoa da hori iritsi bitarte horrela jarraitu behar al dugun. 30 urte itxaron dugu eskualdean jada, itxarongo dugu pixka bat gehiago, baina ordura arte Asuncion ospitalean jasotzen dugun arretarekin jarraitu behar dugu? Homologatu gabeko espezialitatea duten sendagileekin jarraitu behar dugu?». Jakina da Asuncion ospitaleak zerbitzu publikoa eskaintzen duela kontzertazio bidez, eta Aranaren hitzetan akordio horren barruan jasotzen da bertako medikuen tituluak homologatuak behar dutela egon, «hori ez bada horrela, kontzertazioa bertan behera utzi beharko da, ezta?».

KOKALEKUA

Kokalekua da azkenaldian komunikabideetako lerroburuak eraman dituen beste gaia. Osasun sailak Iurreamendi egoitzaren azpian dagoen aparkalekua hobetsi du eta TOPAk kezka azaldu du. «Leku aproposa al da? Izan daiteke... baina hori baino garrantzitsuagoa da leku horretan beharrezkoak diren zerbitzu guztiak emateko adina leku dagoen. Ospitale horrek gainontzeko eskualdeetan eskaintzen diren zerbitzu berberak izan behar ditu. 30 urte goaz itxaroten, nahikoa da. Kokalekuak ezin du zerbitzua baldintzatu. Leku txikia dela argudiatuta zerbitzuak mugatzen badira, hor egongo gara. Espazioa behar da zerbitzu egokia eskaintzeko».

Zerbitzu horien artean aparkalekuena aipatu du Aranak. Etorkizuneko ospitale horrek 65.000 pertsona artatu behar ditu, artatu eta jaso, eta guztiak ez dira tolosarrak izango: «Tolosarrak oinez edo autobusez joango dira behar bada, baina gainontzeko 40.000 bat pertsona autoz joango dira seguruenik. Kiroldegiko aparkalekua hor dago eta baita Amarotz auzoa ere, baina irtenbidea ezin daiteke hori izan. Bidasoako ospitaleak 300 bat plaza ditu, eta Zumarragakoak 200 bat eta beste aparkaleku bat egiten ari dira. Kopuru horiek hartu behar dira kontuan eta nahikoa plaza izango dituen aparkalekua egin; lur azpian, ondoan, edo nahi duten moduan, baina hori ere aurreikusi behar da».

TOPAko kideak esan du koordinakundea ez dela kokalekuarekin zalantza azaldu duen bakarra, PSE-EE alderdiak hainbat komunikabideetan zalantza horien berri eman duela esan du.

LANGILEAK

Kokalekua, epeak eta emango diren zerbitzuak aipatuta, Aranak Asuncion ospitaleko langileen egoeran jarri du azpimarra. «Asuncion ospitaleko langile askok 30 urte daramatzate paziente publikoak artatzen, zer gertatuko da langile horiekin? Zein izango da 300 langile horien etorkizuna? Badago figura bat, subrogazioa, badago borondate politikoa horretarako?».

Asuncion ospitalearen etorkizunaren inguruan era baditu zalantzak TOPAk eta gardentasuna eskatu dute. «Asuncionek ezin du aurrera egin kontzertaziorik gabe, jabe berekoa zen Donostiako Pilar ospitalea eta kontzertazioa bukatzean itxi egin behar izan zuten; gauza bera egingo al dute Asuncion ospitalearekin? Informazio guztia jasoko dugu?».

Erantzun gabeko galdera asko daudela dio Aranak, eta gardentasuna exijitzen jarraituko dutela esan du, horregatik jarraitzen dutela kalera ateratzen.

Horrekin batera TOPAren 10 urteetako ibilbidean parte hartu duten guztien lana nabarmendu nahi izan du, eta herritarren babesa txalotu: «Ospitale publikoa egingo dutela esan dute, eta hori posible izan bada, 10 urte hauetan gurekin bidea egin duten pertsona horien babesarengatik da. TOPAk jasotako babes guztia eskertu nahi du, jasotako babesa ezinbestekoa izan baita».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!