Suen pizteek eta kultur saioek hartuko dituzte herrietako plazak

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko eka. 23a, 11:59

San Joan bezpera ospatzeko, gaur iluntzean hainbat herritan piztuko dute sua, musika zein dantza emanaldiez lagunduta; aurrerago, berriz, San Pedro jaien txanda izango da.

Jatorri paganoa duen antzinako festa egun garrantzitsua da San Joan eguna, ekainaren 24a alegia. Udako solstizioaren hasiera markatzen du, nahiz eta benetako solstizioa ekainaren 21 gauekoa izan. Hain justu, atzo eskaini zuen Et Incarnatus orkestrak, solstizio kontzertua, Laskorain Ikastolan. Gaur, berriz, ohiturari jarraituz, San Joan bezperan piztu ohi den sua piztuko da eskualdeko hainbat herri eta auzoetan.

Besteak beste, Orendainen izango dute suaren gainetik jauzi egiteko aukera, iaz surik piztu gabe geratu ondoren. Horrez gain, beste urte batzuetan bezala, mahaiak jarriko dituzte suaren inguruan, bakoitzak etxetik eramandako otordua jateko. «Norberaren ardura izango da ezarritako neurriak errespetatzea», adierazi dute udaletik.

Gainerakoan, antzerki saioek, dantza emanaldiek edota musika kontzertuek atonduko dituzte herri ezberdinetako suen pizte ekitaldiak. Altzon, Solstizio festa ospatuko dute; Tolosan, berriz, beste urteetan Andre Mari plazan izan ohi den emanaldia zezen plazara lekualdatu dute; Amasa-Villabonan eta Zizurkilen kalejirak egingo dituzte; eta Berastegin, dantza izango da protagonista nagusia.

Egitarau zabala, Leaburun

Behin San Joan bezpera eta eguna igarota, San Pedro festen txanda izango da. Ekainaren 29an izango da egun handia eta iaz ez bezala, aurten ekintza ugari antolatu dituzte Leaburun eta Asteasun.

Leabururen kasuan, udalarekin elkarlanean, kultur egitarau zabala antolatu du jai batzordeak. Ekintzetan parte hartzeko, ekainaren 24a baino lehen eman behar da izena, udaletxera deituz (943 675 931) edo WhatsApp mezua bidaliz (648 915 569). Ekintza guztietan herritarrek izango dute lehentasuna, eta frontoiko saioen kasuan, 80 lagunekoa izango da edukiera.

San joan bezperak Tolosaldean

ALTZO
21:00. Solstizio festa, Artea dantza taldearen eta Intujai Teatro antzerki konpainiaren eskutik.

AMASA-VILLABONA 
21:30. Kalejira abiatuko da eta herriko plaza batzuetan dantza egingo dute.

ASTEASU 
21:00. Sua piztuko dute plazan.

BERASTEGI
17:00. Gimnastika erritmikako ikasleen ikuskizuna, plazan.
17:45. Dantza eskolako haurren emanaldia, plazan. 
Ondoren. Berastegiko soka-dantza.
18:45. Musika eskolako ikasleen kontzertua, plazan.
19:30. Sua piztuko dute eskola atarian eta txorimaloak sutara botako dituzte. 
Jarraian. San Juan dantzak eskola atarian, herriko dantzarien eskutik, eskola atarian.
Ondoren. 21:30ak bitarte, suaren gainetik salto egiteko aukera.

GAZTELU
22:00. Sua piztuko dute plazan.

IKAZTEGIETA
22:00. Sua piztuko dute plazan.

LIZARTZA
22:00. Sua piztuko dute plazan.
Jarraian. Otsolar dantza taldearen emanaldia.

ORENDAIN
19:00. Sua piztu aurretik, Julen Basterrak gitarra emanaldia eskainiko du plazan.
21:00. Sua piztuko dute plazan.

TOLOSA
19:30. Bezperak, Andre Mari elizan. 21:00. Tolosako Udal Musika Bandaren, Udaberri dantza taldearen eta Hodeiertz abesbatzaren emanaldiak, zezen plazan. 
22:30. Sua piztuko dute Andre Mari plazan.

ZIZURKIL (Elbarrena)
19:30. Dantzariak eta trikitilariak plazan  bilduko dira, herrian piztuko dituzten su ezberdinak bisitatzeko.
19:55. Akezkoa Auzoko lehen sua.
20:15. Akezkoako bigarren sua.
20:35. Eguzkitza Etxeko sua.
20:50. Azken Portuko sua.
21:10. Ihartzako sua.
21:30. Plazan su txikia piztu eta dantza egingo dute.

ZIZURKIL (Herrigunea)
21:30. Herritarrak udaletxe aurrean elkartuko dira.
Ondoren. Kalejiran plazara joan, eta kanpai errepikarekin, sua piztu eta dantza egingo dute. Amaieran, txokolatea banatuko dute.

San Pedro festak

LEABURU-TXARAMA
Ekainak 26, larunbata.
11:00. Miru sorginaren eskutik, Porru Salda erromeria ikuskizuna Ttonttorpe pilotalekuan.
17:00. Bikotekako frontenis txapelketa Ttonttorpe pilotalekuan, 11-16 urte bitartekoentzat. Bikoteko kide batek Leaburukoa izan behar du.
Ondoren. Toka txapelketa.

Ekainak 27, igandea.
11:00. Meza.
11:30. Erretirodunei omenaldia frontoian, herriko dantzariek lagunduta.
Jarraian. Hamaiketakoa.
12:30. Bertsolariak eta txiste kontalariak.
18:00. Antton Telleriaren Nekatutak bakarrizketa saioa.

Ekainak 29, asteartea.
Goizez. Hamaiketako herrikoia ostatuan.
19:00. Evaren Alabak antzerki taldearen Cromlech antzezlana, 14 urtetik gorakoentzat.

ASTEASU
Ekainak 26, larunbata.
17:30. Oinkari dantza taldearen emanaldia, frontoian.

Ekainak 27, igandea.
12:30. Herriko trikitilari eskolako ikasleen emanaldia, plazan.

Ekainak 28, astelehena.
9:30. Konkis txikia, Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
19:00. Piraten emanaldia, frontoian.
22:30. Asteasu kanta herritarrek herriari egindako bideo proiekzioa.

Ekainak 29, asteartea.
10:00. Diana.
11:30. Herriko musikarien kalejira.
12:30. Bertsolariak frontoian: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Oihana Iguaran eta Unai Mendizabal.
17:30. Herri kirol saioa plazan: Aimar Irigoien, Mikel Lopetegi Urra eta Udane Ostolaza harri jasotzaileak eta Eneko Otaño eta Ugaitz Mugerza aizkolariak.
17.00. Argazki ero, DBHko ikasleentzat.
19:00. Puro relajo taldea frontoian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!