Pilota antzerki interaktiboa

Jon Miranda Labaien 2021ko eka. 23a, 19:59

'Frontona' antzerki obra eskainiko dute etzi Villabonako Errebote plazan; ikuskizunean, ikusleekin jolastuz, euskal kultura erdigunera ekartzeko ahaleginean aritzen dira hiru aktore eta bi pilotari.

Pilota jokoa aitzakiatzat hartuta ikusleari jolasa proposatzen diote Frontona ikuskizuneko aktoreek. Unai Ormaetxea andoaindarrak, Iñigo Otaegi billabonatarrak eta Josu Artutxa tolosarrak gidatzen dute emanaldia eta kantxan Janire San Sebastian eta Anne Maiza pilotari zizurkildarrak aritzen dira. Antzezle izateaz gainera, eragile ere badira, harmailetara zuzendutako galderekin publikoa interpelatu nahi baitute. Euskal kultura jarri nahi dute erdigunean eta Villabonako erdigunera, Errebote plazara eramango dute ikuskizuna, etzi, 19:00etatik aurrera.

Iñaki Urruzola Mondragon Unibertsitateko irakaslearena da hasierako ideia. Frontona ikuskizuna funtzio sozial bat betetzera datorrela uste du Urruzolak: «Gure motibazioa ez da bakarrik sorkuntza espazioan aritu eta estetiko txukun xamarra den lan bat eskaintzea, horrekin batera kezka batzuk sozializatu nahi ditugu. Gure kultura hein batean minorizatua dago, menoste prozesuan, are gehiago pandemia egoeran. Hainbat gai berriro erdigunera ekartzeko gogoa dago lanaren oinarrian».

Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoan ikasle izan zituenei proposamena luzatu eta pandemia aurretik hasi ziren antzerki obra gorpuzten, Tolosako Udaberri dantza taldearen lokalean. Irakasleak sakea bota eta ikasleek errestoa egin. Artutxa, Otaegi eta Ormaetxea hasi ziren Urruzolarekin batera ikuskizuna prestatzen. «22ra jokatzen den pilota partida da oinarria eta jokoa eta jolasaren arteko nahasketa eginez, ikusleekin interakzioa bilatzen dugu. Galdera batzuk botatzen ditugu eta euskal kulturaren inguruko ezagutzaz gogoeta egitera bultzatzen dugu publikoa», esan du Artutxak.

Pilota partida izanik pilotariak ezinbestekoak dira. Gorriz aritzen da Anne Maiza eta urdinez Janire San Sebastian. Proposamena nola iritsi zitzaien kontatu du Maizak: «Antzerki munduan batere esperientziarik ez nuen, zertxobait gehiago Janirek. Hasieran zalantza izan nuen ez bainaiz sekula horrelako lanetan ibili. Lotsatia naiz eta jendaurrean hitz egitea ez zait gehiegi gustatzen, baina gutxi asko, beti egin izan dugun hori egin behar nuela ikusi nuenean animatu nintzen. Guretzako oso polita da eta oso gustura aritzen naiz».

NEURRI GUZTIETARA EGOKITUZ

Antzerki munduan esperientzia handirik izan ez arren «talde diziplinatua» dela aipatu du Urruzolak, obraren zuzendariak. Pandemia aurretik osatu zuten antzerki lana eta lehenengo probaldi baten ondoren, hilabete batzuk eman zituzten geldirik joan den martxoan Frontona Azkoitiko Gurea frontoian estreinatu zuten arte. «Hiperrealismoaren alde» jarduten duela dio Urruzolak: «Izenburutik hasi eta obraren mekanismo osoa martxan jarri arte, dekoratu nagusia frontoia da eta egiazko frontoi batean gertatzen denetik oso gertu dago kontatzen duguna. Pilotalekua da obra eskaintzeko gune naturala, eta beste tokiren batean eskaini izan dugunetan ere frontoi itxura eman diogu dekoratuari».

Azkoitikoan jardun ondoren, Beasaingo Gernikako pasealekuko zazpi koadroko frontoi irekian eta Tolosako Herrikide ikastetxeko lau koadrokoan eskaini dute ikuskizuna. «Edozein motatako frontoietan egin daiteke ikuskizuna, gurera ekarri eta moldatu egiten dugu tokiaren ezaugarrietara», esan du Artutxak. Etzi Villabonan Errebote plazan egingo dutena berezia izango dela aipatu du: «Herriko erdigunean dagoen plaza da eta berezia izango da saioa».

Publiko zabalarentzat egokia den ikuskizuna da Frontona Urruzolaren esanetan. Hasieran nerabeak eta batxilergoko ikasleak buruan izan bazituzten ere, konturatu dira adin eta jatorri ezberdinetako jendearentzat interesgarria izan daitekeela antzerki obra. «Hezitzailea da neurri batean eta komunikazio zuzen-zuzena lortzen dugu publikoarekin. Partaidetza horrek antzerkiaren parte bihurtzen ditu ikusleak eta osatzen du proiektua bera. Uste dut obra ikusi ondoren publikoak buruhauste batzuk eramaten dituela etxera eta neurri batean hori da antzezlanaren helburua», esan du Urruzolak.

Orain arteko saioetan izan duten harrerarekin «oso pozik» agertu dira antzerki obra egiten duten kideak. «Jendeak beste antzerki lan batzuekin alderatuta oso ezberdina dela esan digu. Nik esango nuke pilota partida bateko elementuetatik abiatuta, horiei buelta bat ematez, zerbait berezia egiten dugula. Proposamen berritzailea izatea beti da aberasgarria». Hogeita bi kintzera iristeko, kulturaren partida irabazteko aukera izango dute herritarrek, etzi, Villabonako Errebote plazan, 19:00etatik aurrera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!