Tolosa CF-ko atleten emaitza nabarmenak Espainiako zein Euskadiko Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 23a, 11:58

Tolosa CF-ko atletek asteburuan emaitza nabarmenak eskuratu dituzte, bai 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan zein 16 urtez azpiko Euskadiko Txapelketan.

Espainiako Txapelketan Ander Urangak urrezko domina lortu zuen Real Sociedad klubarekin 4x100 metro erreleboetan, 41,56 denborarekin Gipuzkoako errekor berria ezarriz. 200 metrotan ere parte hartu zuen Urangak, baina ezin izan zuen finalean sartu.

Paula De Juanek 4. amaitu zuen 400 metro hesietan, 1.00,17rekin brontzezko dominatik bi ehunekora. Proba berean Iratxe Martinek bere marka pertsonala egin zuen finalera sartzeko, 1.01,87rekin, eta gero 8. postua lortu zuen. Izaro Perurenak 6. postua lortu zuen 3.000 metro oztopoetan, eta 10.56,98rekin Tolosa CF-ko errekor berria jarri zuen.

Ainhoa Gibelalde 100 metrotan eta 100 metro hesietan lehiatu zen. Azken honetan 8. sailkatu zen eta beste proban finalerdietaraino iritsi zen. Eunate Martinez de Rituertok 9. postua lortu zuen altuera jauzian, 1,63 metroko markarekin. 4x100 metroko proban parte hartu zuten Paula De Juan, Iratxe Martin, Ainhoa Gibelalde eta Ainara Lakuntzak, eta 6. postua lortu zuten 49,31rekin.

Euskadiko Txapelketan bederatzi domina lortu zituzten Tolosa CF-ko atletek. Urrezko bi izan ziren: Maier Olanok 1.500 metro oztopoetan 5.42ko denborarekin eta Egoi Dorronsorok 300 metro hesietan 42,99rekin. Zilarrak lau izan ziren: Idoia Arrospidek 600 metrotan 1.42rekin, June Lopetegik 100 metrotan 13,30rekin, Saioa Rodriguez 1.000 metrotan 3.15rekin eta Irati Urdanoz pisu jaurtiketan 9,17 metrorekin. Brontzezkoak hiru izan ziren: Saioa Carranza luzera jauzian 4,92 metroko markarekin, Xanet Zubillaga 300 metro hesietan 44,13rekin eta June Lopetegik 300 metrotan 43,31rekin. Bestalde, Txindoki taldeko Uxue Artola abaltzisketarrak urrezko domina lortu zuen pisu jaurtiketan, 10,67 metroko markarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!