Ezin izan dute finalera iritsi Herriartekoan

Imanol Garcia Landa 2021eko ekainaren 23a

Tolosako gomazko paleta taldea.

Oso zaila zuten finalera igarotzea eta azkenean finalerdiekin konformatu behar izan dute Alegiak zein Tolosak Herriarteko Pilota Txapelketan. Alegiak eskuz Oiartzunen aurka zuen kanporaketa eta azkenean 6-0 galdu zuen. Tolosak gomazko paletan Azkoitia zuen aurkari eta 2-4ko emaitzarekin bukatu zuen norgehiagoka.

Alegiak Oiartzunen jokatu zituen itzulerako partidak, eta etxekoetan gertatu bezala, hirurak galdu zituen: kadeteetan 22-8, jubeniletan 22-3 eta nagusietan 22-13. Aldaketak egin zituzten, zenbait pilotari eskuko minarekin zeudelako. Finalera ez pasa arren, oso gustura daude alegiarrak egindako txapelketarekin, Jose Luis Zabala taldeko ordezkariak azaldu duenez: «Orokorrean txapelketa ezin hobea egin dugula iruditzen zaigu. Atera ginen azken unean pilotariak prestatu zirelako ateratzera, eta sekula izan ditugun emaitza onenak lortu ditugu».

Tolosak Irurako udal frontoian jokatu zuen etxeko bezala, eta palistek ezin izan zioten Azkoitian jasotako 3-0ko markagailuari buelta eman. Kantxa osoan 9-20 galdu zuten, binaka irabazi 20-11 eta zazpi koadroaren barruan ere irabazi 20-12. «Finalerdietara iritsiz gero, bagenekin ziurrenik Azkoitiaren aurka jokatuko genuela, eta azkeneko txapelketan finalean irabazi ziguten, eta oraingoan finalerdietan», esan du Javi Iraola ordezkariak. «Bagenekien arerio gogorra izango zela eta gu baino hobeak izan dira». Behintzat etxeko partidetan 2-1ekoa lortu zutela gaineratu du, eta finalerdietara iristeak duen meritua ere baloratu dute.

BERAZUBIKO PALA TXAPELKETA

Herriarteko txapelketatik kanpora geratu ondoren, Tolosa CF-ko palistak buru belarri daude Berazubiko Pala Txapelketaren antolakuntzan. Aurten 53. urtea izango du eskualdean eta eskualdetik kanpo izena duen txapelketak. Datorren astelehenean hasiko dira partidak eta uztailaren bukaera arte behintzat iraungo duela aurreikusten dute. Astelehenetik ostirala bitarte izaten dira partidak, eta 18:00ak aldera hasten dira. «Bere xarma duen frontoia da Berazubikoa, tantoak lortzeko erasora jokatzera behartzen zaituena, eta giro polita izaten da», esan du Iraolak.

Lehen maila, bigarren maila eta emakumezkoen maila antolatu dute. Lehen mailan zortzi bikote lehiatuko dira, bigarren mailan 17 bikotek eman dute izena eta emakumezkoetan bi bikote animatu dira. «Urtero saiatzen gara inguruan dauden elkarteko emakumezko palistekin harremanetan jartzen, txapelketan parte hartzeko, baina datak direla-eta ez da erraza izaten», esan du Iraolak. «Aurten bi bikote animatu dira eta zerbait berezia egingo dugu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!