Unai Iribar hirugarren izan da Espainiako Txapelketan

Imanol Garcia Landa 2021ko eka. 23a, 07:58
Unai Iribar, eskuinean, Espainaiko Txapelketaren podiumean. RFEC

Brontzezko domina horrekin beste lorpen bat poltsikoratu du txirrindulari ibartarrak. Horrez gain, Abiatzen Torneoa irabazi du.

Unai Iribar ibartarrak emaitza nabarmenak lortzen jarraitzen du denboraldi honetan. Azkenekoa asteburuan jokatu zen 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan lortutako hirugarren postua. «Denboraldi honetan bolada ona harrapatuta nabil, aurreko lorpenekin segidan, beste hau etorri da, eta oso pozik», esan du Iribarrek. Ivan Cobo izan zen irabazlea eta Marcel Camprubi bigarrena.

Txirrindulari ibartarrak orain gutxi parte hartu du 23 urtez azpiko Giroan, eta lasterketa horretan nekea pilatu bazuen ere, gerora uste du Espainiako Txapelketan balio izan ziola Italian egindako lanak. «Nekea izan nuen aurreko astean, baina behin lasterketa hasi zenean, gero eta hobeto sentitzen nintzen, eta uste dut Giroak eman zidala aurrean egoteko puntu hori», esan du Iribarrek. Bere mailan dagoen lasterketa garrantzitsuena da Giroa eta Iribarrek 15. postuan amaitu zuen sailkapen orokorrean eta hiru etapatan lehen hamar postuetan sailkatu zen. «Gustura nago egindakoarekin, bai esperientziarekin, bai emandako mailarekin eta lortutako emaitzekin ere».

Larunbatean Tolosan afizionatuen lasterketa zegoen, baina Iribarrek ezin izan zuen parte hartu Espainiako Txapelketa lehiatzen ari zelako. Hala ere, Abiatzen Torneoaren sailkapen orokorra irabazi du. Erregulartasun handia erakutsi du beste behin ibartarrak torneoa irabaziz.

Datorren urtean profesionaletara pasatzeko aukeraz galdetzean, lasai dagoela esan du Iribarrek: «Ni nire gauzak ondo egiten ari naiz, eta agian profesionaletara salto egiteko arrazoiak ematen ari naiz, baina oraindik urtea luzea da, eta nik nirea ondo egiten jarraitu beharko dut eta emaitza gehiago lortzen segi, salto hori emateko arrazoi gehiago izateko». Profesionaletara pasatzeko helburua du Iribarrek eta uste du «bide onetik» doala.

BESTE PARTE HARTZAILEAK

Unai Iribarrekin batera Iñaki Diaz tolosarra ere izan zen 23 urtez azpiko Espainiako Txapelketan, Euskadiko selekzioarekin, baina ezin izan zuen lasterketa amaitu. Bestalde, Jon Irisarri leaburuarra profesional mailako lasterketan izan zen, eta gainera bere protagonismoa ere izan zuen, lasterketako ihesaldi nagusian egon baitzen. Azkenean 21. postuan amaitu zuen Caja Rural Seguros RGA taldeko txirrindulariak.

Eukene Larrarte tolosarrak eta Naia Amondarain ibartarrak ere parte hartu zuten Espainiako Txapelketan. Larrartek (elite mailan) eta Amondarainek (23 urtez azpikoan) denbora berean amaitu zuten errepideko lasterketa, ibartarra 26. postuan eta tolosarra 28. postuan helmugaratuz. Errepideko lasterketaz gain, erlojuaren aurkako proban ere parte hartu zuen Larrartek, 11. postuan amaituz sailkapen orokorrean, eta seigarren postuan elite mailan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!