ERREPORTAJEA

genEroa

Jon Miranda Labaien 2021ko eka. 25a, 07:57

Kimua Dantza Kolektiboa Dantzaren bidez, gorputzaren mugimenduak gidatuta, hartzen ditugun rolak edo ezartzen dizkigutenak hautemateko parada ematen du ikuskizunak. Benetan askeak bagina, nola mugituko ginateke? Nola dantzatuko genuke? Eta zu, ausartuko zara lehen dantza pausoa ematera? Loturak puskatzera? Benetan aske izatera?

Ikuskizunak bi zati ditu: dantza emanaldia eta mediazio parte hartzailea. Kimua dantza kolektiboko sei dantzarik eta Ekaitz Goikoetxea bertsolari eta idazleak hartuko dute parte ikuskizunean. Hainbat koreografia interpretatuko dituzte eta dantzekin batera, musikek, zuzeneko errezitaldiek, bertsoek, off-eko ahotsek, trantsizioek eta hainbat baliabide materialek osatuko dute kale ikuskizuna.

Entsegu orokorreko une ezberdinak. JON MIRANDA

Lehenengo sorkuntza lana aurkeztuko zuen Kimua dantza kolektiboak joan den igandean Villabonan. Kale ikuskizuna da eta genero ikuspegiaren gaiak zipriztintzen dituen alderdi ezberdinen inguruko hausnarketa proposatzen du. Gaia plazara ateratzeko «urgentzia» azpimarratu dute taldeko kideek: «Dantzari eta interprete izateaz gain, gutako gehienak hezitzaileak gara eta gure egunerokoan beldurtzen gaituzten pentsamolde, mentalitate eta harreman eredu batzuk ikusten ditugu. Aurrerapen handiak egin izanaren sentsazioa zabalduta dago, baina uste dugu gaiaren inguruan sakon hausnartu beharra dagoela».

«Aurrerapen handiak egin izanaren sentsazioa zabalduta dago, baina uste dugu gaiaz sakon hausnartu beharra dagoela»

Genero rolak txikitatik eraikitzen direla uste dute Kimua dantza kolektiboko kideek eta sei koreografiaz osatutako ikuskizunean, estereotipo horiek eraikitzen hasi aurretiko garaia hartu dute abiapuntutzat: «Mundura sortzen garenean gure mugitzeko modua instintiboagoa da, ez da ikasia, ez dago generoen arabera banatuta. Momentu hori islatu nahi izan dugu emanaldiaren hasieran». Berehala, ordea, txikitatik eraikitzen den genero sistema «zurrun» hori nagusituko da koreografian: «Txikitatik sailkatzen gaituzte oso modu binomial eta artifizialean. Horrek baldintzatzen du gure izateko modua, mugitzeko modua eta baita dantzatzekoa ere».

'genEroa' ikuskizuneko promozio argazkiak. KIMUA

Hain zuen, Kimuako kideek ezartzen zaizkigun rol eta estereotipo horien inguruan gogoetatzeko gorputzaren mugimendua erabiliko dute, dantza azken batean. «Benetan askeak bagina nola mugituko ginateke? Nola dantzatuko genuke? Askotan ez gara kontziente zenbat min pilatzen diren gure barruan, zenbat barne gatazka sortzen zaizkigun. Anbizio profesionala, indarkeria matxista, harreman ereduak, genero identitatea, amatasuna... Azpigai horiek bistaratu nahi ditugu, daramagun motxila erantzi eta parez pare begira diezaiogun».

«Gure asmoa ez da lezioak ematea, hau da bazterkeria, bidegabekeria eta emakumeenganako indarkeria egoerak saihesteko gure proposamena»

Dantza kolektiboan biltzen diren dantzariek ikuskizuna prestatzeko lanketa luzea egin dute azken hilabeteotan eta prozesu horretan adituak diren zenbait pertsonen laguntza jaso dute. Enara Larrainek, Agurtza Zuberok edota Josebe Iturriozek, adibidez, taldekideen ikuspuntua «elikatu eta aberastu» dute. Prozesua aurreratuagoa zegoen garaian jo zuten Kimuakoek Ekaitz Goikoetxea idazle eta bertsolariarengana. Beasaindarrak osatu ditu ikuskizunaren testuak. «Ekaitzek bertso, testu eta olerkien bidez gidatuko gaitu emanaldian zehar eta oholtzan egongo da gurekin batera, beste interprete bat balitz bezala». Sei dantzarik eta bertsolariak osatuko dute, beraz, genEroa emanaldiko zazpikotea.

Mediazioa

Ordu erdi pasatxoko iraupena izango du dantza emanaldiak baina horrekin ez da bukatuko proposamena. Behin dantza saioa amaituta, ikusleekin partekatu nahiko dute ikusitakoa eta Goikoetxeak berak gidatuko du «mediazioa» deitu dioten partea. «Esperimentatzera goaz, guretzat ere formatu berria da. Mezua publikora modu zuzenago eta egiazkoago batean iristea nahi genuke. Norberak bere buruari begiratzeko ariketa hori egiteko bide eman eta erantzun baino galdera gehiago sortzea lortuko bagenu helburua beteko genuke, kontzientzia piztu eta gure burua zalantzan jartzea denontzat aberasgarria dela iruditzen zaigu». Ikuskizunaren bigarren partean, ordu erdi inguruan, gorputzaren kontzientzia, mugimendua edota espazioa okupatzeko modua landuko da publikoarekin eta tokian tokiko pertsona bati egingo diote gonbita, bere bizipenak ikus-entzuleekin konpartitu ditzan. «Solasaldi eta hausnarketa kolektibo bat izango da, ikusi, bizi eta sentitutakoa elkarrekin partekatzeko espazio bat izatea nahi genuke».

Euskal dantza tradizionalak oinarri hartuz, dantza garaikidea edo klasikoa bezalako diziplina ezberdinen ukitua duten koreografiek osatuko dute kale ikuskizuna. Horretarako Eneko Balerdi koreografoarekin prestatu dituzte dantzak. «Plazer bat izan da berarekin lan egitea», esan dute taldekideek. Emanaldia oraindik ere gehiago aberasteko, Axier Iriarte eta Kristina Ropero adituen kanpo begirada ere jaso dute, dantzaren eta interpretazioaren alorretan.

«Askatasunaren eta tolerantziaren aldarri bat da ikuskizuna». Horrela nabarmendu dute dantza kolektiboko kideek. «Teorian denok asko dakigu, baina uste dugu badela garaia ikasitakoa, edo hobe esan, desikasitakoa praktikan jartzeko». Kimua dantza kolektiboak ekarpen propioa egin nahi izan du eta horretarako euren iritzian «berritzailea» den ikuskizuna prestatu dute: «Berdintasun eta tolerantzian urrats bat eman nahi dugu. Gure asmoa ez da lezioak ematea. Besterik gabe, hau da bazterkeria, bidegabekeria eta emakumeenganako indarkeria egoerak saihesteko gure proposamena».

Amasa-Villabonako Errebote plazan eskaini zuten igandean genEroa ikuskizunaren aurre estreinaldia. Bihar, berriz, ekainaren 26an, Tolosako Alondegia plazan ikusi ahal izango da emanaldia, 20:00etan hasita. Datozen hilabeteetan badituzte emanaldiak hitzartuta, besteak beste, Andoainen, Hernanin eta Orion.

HURRENGO EMANALDIAK

 

Ekainak 26, larunbata. 20:00. Tolosako Alondegia plazan. 

Hurrengo emanaldiak. Andoain, Hernani eta Orion.

Kimua dantza kolektiboa

Ander Errasti Arruti oriotarrak; Eneko Galdos Etxaniz zumarragarrak; Garazi Egiguren Urkola tolosarrak; Larraitz Balerdi Guerrero eta Izarraitz Larreta Segurola alegiarrek; eta Uxue Urruzola Rezabal, Oier Laborde Etxabe eta Itziar Uzkudun Sarasola billabonatarrek osatzen dute Kimua dantza kolektiboa. «Dantza eta dantzatzea gustuko dugun lagun taldea gara eta kolektiboa nonbaitetik sortu bada maitasunetik izan da. Txikitatik ezagutzen dugu elkar, aurrena dantza-kideak izan eta lagun bilakatu gara gerora. Gehien maite dugun hori elkarrekin egiten jarraitu nahi dugulako elkartu gara».

Kimua izena jarri diote kolektiboari, adartxoetatik hazten doazen adar berri bezala ikusten dutelako euren burua, loratze berri bat bezala. «Ez dadila hemen geratu, eman ditzala fruitu gehiago, gure kolektiboa izan dadila beste hainbat proiektu eta ideien babesgune, gure kimuaren itzalera bildu daitezela besteak ere». Hain zuzen, tokikotasuna dute dantza kolektiboaren oinarrietako bat: «Jasangarritasunaren alde, bertako profesional zein baliabideekin kolaborazioan garatu nahi ditugu proiektuak bertan daukagun balioa azaleratzeko aukera sortuz eta elkarlana sustatuz». Sortu duten lehen emanaldirako irudia, adibidez, Jon Ander Artolak eta Ione Iriartek landu dute eta promozio bideoa Aitor Arrutik egin die. «Elkarlanaren indar eta aberastasunean sinesten dugu, egitura horizontalen antolaketa eta kudeaketan».

Duela urtebete inguru sortu zuten kolektiboa eta pandemiak lehen hilabeteetako jarduna baldintzatu dien arren, oztopo guztien gainetik, «harro» agertu dira hilabeteotan egindako lanaz. Kimua Group enpresak emandako laguntzarekin «oso eskertuta» agertu dira taldekideak. Enpresak Lizartzan duen egoitzan dute entsegu lokala. «Etxean bezala sentitzen gara, oso eskuzabalak izan dira gurekin eta guretzako izugarria da baliabide hauekin kontatu ahal izatea».

Emaitza profesional eta hezitzailea ardatz hartuta, ezohiko balore eta kudeaketa eredua bultzatu nahi du Kimua dantza kolektiboak: lagun talde batek modu profesionalean kudeatutako eredu parte hartzailea. «Euskaldunak gara, euskal dantzak oinarri dituen estilo artistikoaren garapenean dihardugu eta euskal dantza tradizionalak mantentze aldera, honen eguneratze eta berritze prozesuan gure ekarpena egin nahi dugu». Eta guzti hori, balio inklusiboetan oinarrituta, «aniztasun eta berdintasuna bultzatuz».

Nahiz eta garai onenak bizi ez, kultura bizirik dagoela erakutsi nahi dute Kimua kolektiboko kideek. «Ilusioz eta gogoz gaude. Gu bezala jende asko dago mundu honetan buru-belarri sartuta lanean. Guk modu intentsuan bizi ditugu gauzak, pasioz bizi dugu dantza eta motibazio ikaragarria dugu. Plazara, dantza egitera ateratzea da egin nahi dugun gauza bakarra eta egiten dugun hori jendearekin elkarbanatzea». Eskualdeko lurretan sortu da, beraz, dantzarako kimu berria.

Kimua dantza kolektiboko kideak. AITOR ARRUTI

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!