«Ez dugu 2023ra arte itxarongo»

Ataria 2021eko ekainaren 21a

Tolosaldeko Pentsiodunen Mugimenduak deituta, ikasturteko azken elkarretaratzea egin dute, eguerdian, Tolosako Plaza Zaharrean.

Tolosaldeko pentsiodunek gaur eman diete amaiera 2020-2021 ikasturteko mobilizazioei. «2023a baino lehen Gizarte Segurantzaren finantza-defizitarekin amaitzea eta Estatuak Pentsioen Sistema Publikoarekin duen zor historikoa zehaztea eskatzen dugu», adierazi dute.

Iaz, 1989tik 2013ra bitarteko kontuen fiskalizazio-txostena argitaratu zuen Kontuen Auzitegiak. «155 milioi euro desbideratu ziren gizarte-kotizazioetatik, osasun-gastuak eta ordainsaririk gabeko osagarriak ordaintzeko. Iruzur horrek zuzenean eragin zion pentsioen itsulapikoari».

Bestetik, pentsiodunek salatu dute agintariek kotizazioen desbideratzea erabili zutela «pentsio sistema publikoa erasotzeko, bost milioi langabetu izan arren, erretiro-adina atzeratuz eta urte gehiagoz bizi izan garenak zigortuz».

Urteetan zehar beraiek engainatzea ez dutela lortu, eta orain ere ez dutela lortuko aldarrikatu dute pentsiodunek. «Langileok gure teilatuaren kontra harriak botatzen aritzea nahi badute, ez diegu pentsioak negozio bihurtzen utziko, ezta osasuna, mendekotasuna, hezkuntza, etxebizitza edo bestelako oinarrizko beharrak ere».

Azkenik, ezberdintasunari eta bidegabekeriari buelta eman arte kalean eta borrokan jarraituko dutela adierazi dute. «Escriva kontseilariari esaten diogu ez dugula 2023ra arte itxarongo. Auditoria publikoa eskatzen dugu, pentsioen itsulapikoan sartu ez ziren kotizazio sozialen superabitak non dauden jakiteko».

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!