Amezketarraren partida bikain bat ikusi dugu, uneoro aurretik joan da Beñat Rezustaren aurka, zazpi eta hutseko partzialarekin hasiz. Perfekziotik oso gertuko final bat jokatu du; hasieratik amaierara bitarte kontrolpean eraman du jokoaren dinamika, lehengusuaren aholkuek lagunduta.
Aurtengo buruz buruko txapelketa ezberdina izan da azken urteetakoekin alderatuta. Ikusi da atzelariak ere buruz burukoan gerra emateko prest daudela. Gaur egungo pilotaren jokoa ikusita harritzekoa izan ohi da atzelari bat finalera iristea, aurrelariak ohituago baitaude aireko jokoan, baita errematatzeko orduan ere. Beraz, goraipatzekoa da Rezustaren aurtengo buruz buruko txapelketa.
Bestalde, nahiz eta txapela eskualdera ekarri, pena handia izan da Artolaren hutsunea, baina gorputzak ezetz esaten duenean hura berreskuratzea tokatzen da. Eskualdeko bi pilotarien arteko finala genuen berriro ere aurretik. Alde horretatik, datuek pozgarriak izaten jarraitzen dute; ikusten da hemengo pilotariak egurrean dabiltzala.
Hala ere, egia da, lesioak tarteko, Artola zorte txarra izaten ari dela aurtengo urte honetan, baina guztiok izaten ditugu bolada txarrak eta seguru aurretik urte hobeak dituela zain. Ea Altunak esan duen bezala, aurrerago bi hauen arteko final bat ikustea egokitzen zaigun.
Finalari begira, aipatu bezala, ia hobetu ezinezkoa izan da Altunaren partida, maisu lana izan da. Oso lasai eta nagusitasunez ikusi da partida osoan zehar, Beñati ez dio partida estutzen ere utzi. Zazpi eta hutsekoa ikusita, partidaren dinamika aldatu nahian, jokoa gehiago mugitzen saiatu da Rezusta, aukera izan duen lehenengoan tantoa errematatzeko asmoz. Nahiz eta tanto batzuk lortu, lan oso zailak zituen aurretik eta ezin izan ditu askoz gehiago egin.
Oso pozik eta harro egoteko arrazoiak badituzte amezketar eta Altunaren jarraitzaileek. Aurtengo finalean ere animoak etxetik eta pantailaren atzetik ematea egokitu zaie, baina geroz eta gertuago gaude publikoz betetako partidak bizi eta frontoietako hutsune handi horiek berriro bete ahal izateko.
Zorionak Jokin! Ondo merezitako txapela. Eta animoak Artolarentzat. Ea lehenbailehen kantxaz gozatzen ikusten dugun berriro.