Goitik behera, hasieratik amaierara nagusitu da Amezketako aztia. Rezustak tarteka lanak eman badizkio ere, aukerarik apenas eman dio Jokinek. Sake bakarra erantzun dio botez bergararrak Altunari. Sakeak gainera abiadura handiz ateratakoak izan direla kontutan hartuta, sake-errematean ez bazen, bigarren pilotakadaz agintera igaro da ia uneoro Altuna.
Kolore guztietako tantoak egin ditu Jokinek: bi paretak, ezker airez, atzean eginikoak, sakez.. esaterako, 9-1ekoa perla ederra izan da, ezker airez azpitik efektuarekin zabalean goxo pausatu duena. Atzean egindako tantoek ere distira izugarria izan dute. Eskuin beso horri elektrizitatea dario. Rezustaren ezker besoa berriz lokartua egon dela pentsa litekeen arren, Altunak ez dio utzi esnatzen. Hor egon da gakoa.
Rezustak oso tanto gutxitan izan du Jokin seigarren koadroko marraren atzetik. 3-10ekoa izan da merezimenduz egin duen lehena. Pilotakada ikusgarria jo du; Altunak atzeraka lasterka egin eta hankak zazpian zituela pilota oso zaila eraman ostean eta eskuinez txokoan eginiko dejada batez txost eginez lortu du tantoa. Azken emaitza 22-5. Lehenago esan bezala, erakustaldia.
Bi tanto gehiago besterik ez ditu egin Rezustak; jarraian, gainera, bi besterik ez ditu egin. Hortxe Altunaren nagusitasunaren isla.
Altunak defentsarako ziren pilotakadak erasorako baliatu ditu. Ezker airez pilota astindu du eta eskuinez pilota oso atzean jarri du uneoro. Aukera izan duenean zehaztasunez amaitu du tantoa. Elektrizitatea eta magia nahasten dituenean garaiezina bihurtzen da.
Merezimendu osoz bere bigarren buruz buruko txapela irabazi du, eta ziur ez dela azkena izango. Izan ere, pilotari oso gutxi igaro dira esku pilotako historiara. Eta okerrik ezean, Altuna historiara pasako da. Horretarako guztia du: magia, lana eta gero eta sendotasun gehiago. Berezko pilotaria da eta pilotan jokatzeko jaio zen. Rezustari buruz zer gehiago esan, bada, borrokatzeko eta lanerako zegoen arren, gaurkoa ez zen bere finala.
Egiari zor, nahiz eta araudian halaxe ipini, behin txapelketan kaleratua izan den pilotari batek ez luke finalik jokatu beharko. Rezustak berea egin du, eta ahal duen hobekien. Bere lana da, bere ofizioa. Baina txapelketa honen bigarren postua, gutxienez, Iñaki Artolarena izan beharko luke. Bide batez, animorik handienak Iñaki Artolari, ez zion graziarik egingo hirugarren postuko garaikurra jasotzeak finalerako txartela irabazi eta gero.
Eta amaitzeko, enpresek gaur ere berea egin dute. Birritan. Lehenik, aspalditik pilotalekuetara ikusleak sartzeko baimena zegoen lehen aukeran, ikuslerik gabe jokatu da finala. Bestetik, Pedro Ruizek, profesionaletako azken partida jokatu du, 23 urterekin. Ez goaz bide onetik.
Zorionik handiena Jokini!