Altuna III VS Rezusta _ Buruz Buruko Finala 2021

«Jokatzeko ekarri dudan moduarekin nahiko konforme nago»

Ataria 2021eko ekainaren 20a

Finala galduta «pozik egotea zaila» den arren, egindakoarekin behintzat gustura geratu da Beñat Rezusta bergararra. Ospatzeko arrazoia baduela esan du eta datozen egunetan tartea hartuko duela ospakizunerako.

Partida amaitu berritan, burumakur baina egindako lanarekin «nahiko gustura» agertu da Beñat Rezusta. ETBko kameren aurrean eginiko adierazpenetan, Altunaren lan «ezin hobea» goraipatu du behin baino gehiagotan bergararrak .

Ezin izan duzu. Barrutik zer esango zenuke?

Beti nahi duzu gehiago eta 22-5 galduta pozik egotea ezinezkoa da. Berak ezin hobeto jokatu du, hasieratik partidan ondo sartu da, eta saketik min handia egin dit. Gero nik, dominatzera pasatzen nintzen tanto apur horietan ere defenditzen oso ondo ikusi dut, pilota jo eta berehala ondo kolokatzen zen, pilota ondo gozatzen zuen. Ez da batere erraza izan. Nire aldetik, eduki ditudan pilota batzuetan gehiago ez gozatu izana daukat. Bostean galtzeko desastre handi bat ez dut uste izan denik.

Zurea ematen saiatu zara.

Izan balitz ni oso-oso gaizki sentitu naizela edo bukatu ostean sentitzen dudala oso oker jokatu dudala, baina ez da kasua izan. Eduki dudanean saiatua naiz dominatzen, bera lekutik ateratzen, ez dut lortu, oso gutxitan. Hori bere meritua da, gauzak nik baino askoz hobeto egin dituelako. Bostean galduta pozik egotea zaila da, baina jokatzeko ekarri dudan moduarekin nahiko konforme nago.

Asteazkena bitarte ez zenuen jakin finala jokatuko zenuenik. 

Aitzakiarik jartzeko ez daukat. Berandu jakin nuen, baina nik berdin-berdin jarraitu dut entrenatzen. Iñakiren kontra galdu arren, hirugarren eta laugarren posturako partida izan nuen, eta prestaketa berdina izan.

Partida ostean, gertukoekin elkartuko zara. 

Egoera ez da errazena horrelako ospakizunentzat, baina azken aldian hainbeste elkartu gabe geunden lagunak, eta irabazi edo galdu garbi genuen gertukoak elkartu, eta afaritxo bat egingo genuela. Txapelketa amaitu da, eta nik ere egun batzuk libre izango ditut, zer ospatua badago, eta gustura ospatuko dut. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!