Rock disko onenaren saria lortu du Belako taldeak

Ataria 2021eko ekainaren 17a

Espainiako Musika independentearen Min sarietan jaso du Lander Zalakain bateria tolosarra taldekide den Belakok.

Bart banatu dituzte Espainiako Musika independentearen Min sariak Burgosen eta euskal ordezkaritza zabala izan zen bertan. Hamahirugarren urtea izan du sariketak, eta ia kategoria guztietan izendapenen bat eskuratuta zuten euskal artistek. Hain justu, Belako, Tenpora eta Sin Mala Intencion Tolosaldeko taldeak zeuden hautagaien artean.

Sei izendapen zituen Belako taldeak eta sariren bat lortzeko aukera handiena zutenak ziren. Bada, 'Plastic drama' diskoagatik urteko rock disko onenaren saria jaso du taldeak. Mungiarra da taldea, baina, bateria, Lander Zalakain, tolosarra da.

Euskarazko musikak kategoria berezitua du Min sarietan, Etxepare institutuak ematen duen saria. Urteko euskarazko disko onenari saria Zetak taldearentzat izan da.

Aurtengo Min sarietan sari gehien eskuratu duen artista Delaporte izan da. Hiru sari eskuratu ditu Madrilgo proiektuak: artista onenaren saria, grabaketa elektroniko onenarena eta bideoklip onenarena. Bina sarirekin geratu dira Rigoberta Bandini katalana (artista onena eta abesti onena) eta Triangulo de Amor Bizarro talde galiziarra (disko eta ekoizpen onena).

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!