Eskualdeko 8.800 ikasle, herri iraunkorragoak lortzeko lanean

Ataria 2021ko eka. 18a, 10:00

Aduna, Alegia, Anoeta, Amasa-Villabona, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Irura, Tolosa eta Zizurkilgo ikastetxeetako ikasleek Eskola Agenda 2030 programa garatzen aritu dira ikasturte honetan. Euren herriak hainbat ikuspuntutatik aztertu dituzte eta udal arduradunek proposamenak egin dizkiete.

Ikasturte honetan estreinatu da Eskola Agenda 2030 programa. Garapen Iraunkorrerako 17 helbururen bidez, pertsonak, planeta eta oparotasuna babesten laguntzea helburu duen ekintza-plana jarri da martxan. Euskal Herrian beste helburu bat gehiago ere izan du: kultur eta hizkuntza aniztasuna sustatzea. 

Plangintza berria izanik, egokitzeko ikasturtea izan da, hortik jarri zaion izena: trantsizio-ikasturtea. Ikastetxe iraunkorra, herri iraunkorrean lelopean, eskualdeko ikastetxeak herria hobetzeko aukerak eta bideak aztertzen eta lantzen aritu dira. Zehazki Tolosaldeko 7.700 ikaslek hartu dute parte, hain justu  Aduna, Alegia, Anoeta, Asteasu, Berastegi, Ibarra, Irura, Tolosa, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo ikastetxeetakoak.

Norbere herria ikuspuntu desberdinetatik aztertu ostean, lanaren emaitzak, hartu dituzten konpromisoak eta proposamenak udal bakoitzari aurkeztu dizkiete. Horietako kasu batzuetan, gainera, udaletxera joan eta zuzenen alkate eta udal ordezkariei. EA2030 proiektuaren bitartez, eskola-komunitateak bere udalerriaren  garapen jasangarrian eta herriko erabakietan parte hartzeko aukera izan du. 

Hauek izan dira herritar gazteenek hartu dituzten konpromiso batzuk:

  • Neurriak bete: musukoa jantzi, distantziak mantendu, eskuak garbitu…
  • Etxeko lanetan modu orekatuan parte hartu.
  • Baserritarrei beraien ohiturak zabaltzen lagundu.
  • Herriko dendetan erosi, beharrezkoa dena soilik.
  • Mugikorra puskatzean, berria erosi baino lehen, konpontzera eraman

Eta hauek ikastetxeek udalari egindako proposamen batzuk:

  • Etxeko lanak berdintasunean banatzeko kanpainak egin.
  • Eskolaz kanpo, baserriko lanak erakutsi: ogia eta gazta egiten adibidez.
  • Herrian autokontsumorako baratza-gune gehiago sortu eta erabilera bultzatzeko tailerrak eman.
  • Bertako produktuak bultzatzeko kanpainak antolatu.
  • Bigarren eskuko produktuen saltokiak sustatu.
  • Ikastaroak antolatu, produktu ezberdinak (koadernoak, poltsak..) egiten ikasteko.
  • Baliabidez hornitutako tailer-gunea sortu herrian, herritarrek gauzak konpontzeko aukera izan dezaten.


Lanbide Heziketako beste 1.045 ikasle

Eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeek ere euren arteko foroa egin dute Lehiberri Zentroan. Aurten 1.045 ikasle inguruk parte hartu du Eskola Agenda 2030 proiektuan, Don Bosco, Fraisoro Eskola, Tolosaldea LHI, Inmakulada Ikastola eta Peñascalen artean.

Baratze Eskolan proiektua landu dute aurten, eta ikastetxe bakoitzaren ikasketa alorrak kontutan izanik, baratzarekin zerikusia duen arloak landu dituzte. 

  • Don Bosco: Patataren azaletik ateratako almidoia erabiliz, plastiko biodegradagarria sortu dute.
  • Fraisoro Eskola: Baratzearen inguruan ekonomia zirkularra praktikan jarri dute.
  • Inmakulada Ikastola: Baratzeak osasunean dituen onurak aztertu dituzte, elikaduran eta erabilera terapeutikoan.
  • Tolosaldea LHI: Baratzeko ekosistema bizia eta anitza izateko, urak duen garrantzia landu dute. Eskolako patioan sortutako urmela bizirik mantentzeko euri ura biltzeko sistema sortu dute. 
  • Peñascal: Baratzea jarri dute eskolan eta helburu ezberdinak bete dituzte: natur baliabideen garrantzia ulertuz elikagaien ekoizpenerako eta bizimodu duin baterako, eta taldeko lana sustatu, besteak beste. 


Hurrengo ikasturtera begira

Datorren ikasturtean, 15. Garapen Iraunkorreko Helburua ezagutuko da, Lurreko Ekosistemetako Bizitza, hain zuzen ere. Honen barnean, herri diagnostikoan, basoa izango da gaia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!