Garbiketa sektorean dagoen arrakalarekin amaitzea eskatuko dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 15a, 08:59

Eraikinen eta lokalen garbiketa sektoreko langileak grebara deitu ditu gaur ELA sindikatuak; kale garbiketakoarekin alderatuta, soldata arrakala %49ra iritsi daitekeela diote.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eraikinen eta lokalen garbiketa sektoreko langileek greba eguna dute gaur, ELA sindikatuak deituta. Sindikatuak azaldu duenez, aldarrikapen nagusia «bide-garbiketa publikoaren eta zabor-bilketaren sektore maskulinizatuarekiko dagoen soldata-arrakala» ezabatzea da, izan ere, lurraldearen edota aplikatzeko hitzarmenaren arabera, garbiketako arrakala %49koa ere izan daitekeela kale-garbiketako soldata txikienarekin alderatuz gero, dio ELAk.

ELAk uste du borroka eta mobilizazioaren bidez borroka daitekeela eta borrokatu behar dela, horregatik erabaki du gai hori bere aldarrikapenen erdigunean jartzea. Hala, botere politikoa interpelatu, eta talde parlamentarioei zuzendutako eskaera bat erregistratu du, «azpikontrata publikoen eremuan arrakala ezabatzeko neurriak har ditzaten eta sektorean erreferente bihur daitezen eskatzeko. Borondate politikoa izanez gero, administrazioaren azpikontratetan dagoen aldea ezabatzea posible da».

«Garbiketan sektore feminizatu eta maskulinizatuen artean arrakala handia dago; bereizketa egiten da eraikinak, enpresa barruak edota atariak garbitzen dituztenen eta kale garbitzaileen artean, eta gure ustez, garbiketa garbiketa da, eta ezin da lan berdina egiteagatik soldatan desberdintasuna egon», adierazi du Xabier Etxaniz ELAko Zerbitzuak Federazioko arduradunak. Soldata gordina kontuan hartuta 7.500 euroko aldea dagoela urtean azaldu du Etxanizek; «eta normalean emakumeak eta arrazializatutako emakumeak dira jasaten dutenak». Gainera, arrakala hori arlo pribatuan nahiz publikoan ematen dela salatu du ELAko kideak.

Nekane Zabala garbiketa sektoreko langilea da, komisaldegietakoa, hain justu. Hamar urte zeramatzatela soldata igoerarik gabe eta KPIaren eguneraketarik gabe kontatu du. «Lan karga geroz eta handiagoa genuen eta jende gutxiago lanean; arrakala desberdinak genituela konturatu ginen, soldatarena, eta baita toxikoekin lanean aritzeagatik genuena ere, baina ez ziguten onartzen», adierazi du. Bederatzi hilabete egin zituzten greban, garbiketa enpresak soldata %9 igotzea eta KPIa eguneratzea proposatu zuen arte.

Etxanizek esan duenez, eztabaida hau kaleratu egin behar da, eta arrakala honen berri eman. «Konturatuko gara desberdintasun hau egin izanaren larriaz ezabatzen denean, baina argi dut ezabatuko dela».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!