Energia Plana, Tolosaldean karbono baxuko eredu energetikoa ezartzeko

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko eka. 10a, 15:00

Tolosaldea Garatzenek eta eskualdeko 28 udalek Energia Plana garatu dute karbono baxuko eredu energetikoa ezartzeko: Piztu Tolosaldea Energia Plana 2021-2024. Helburuak, estrategiak eta garatu beharreko ekimenak bildu dituzte. Hiru esparrutan banatuta, zortzi lan ildo nagusi bereizi dituzte: planaren garapena, energia-gaien koordinazioa eskualde mailan, udal-politikak, eragileekin burutu beharreko ekintza zehatzak, energiari eta iraunkortasunari lotutako garapen ekonomikoa, informazioa, sentsibilizazioa eta prestakuntza.

Gaur aurkeztu dute Tolosaldea Garatzenek eta eskualdeko 28 udalek osatu duten Piztu Tolosaldea Energia Plana 2021-2024. Helburua Tolosaldean karbono baxuko eredu energetikoa ezartzea dute. Energiaren alorrean eraldatu beharra dagoela, eta erakunde publikoen erantzukizuna dela azpimarratu du Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria den Iker Urruzolak: "Energia berriztagarrien inguruan lanketa egitea dagokigu, eta hori funtsezkoa da". Europatik eta Eusko Jaurlaritzatik markatutako legeak aintzat hartuta, udalei eta erakunde publikoei eraldaketan martxan jartzera behartzen dietela gaineratu du.

Tolosaldea Garatzen eskualdeko garapen agentzia izanik, "zeintzuk diren beharrak eta zein paper bete behar dituen trantsizio energetiko horretan" aztertu eta zehaztu dituztela aurreratu du Urruzolak. Datozen urteetarako helburuak finkatzen ahalegindu dira, eta estrategiak nola garatu eta zein behar dituzten aztertu dituzte; besteak beste, autohornikuntza, komunitate energetikoen sorrera, eraikuntzen birgaitze eta kudeaketa integratua, aurrezpen ekonomikoa eta elektromugikortasuna dira planaren ardatz nagusiak. Eskualdeko udalez gain, eskualdeko beste hainbat eragilerekin ere lanketa egiten ahalegindu direla esan dute.

Eskualdean karbono baxuko energia eredu jasangarriago baterantz trantsizioa egiteko zortzi lan-ildo nagusi markatu dituzte: planaren garapena, energia-gaien koordinazioa eskualde mailan, udal-politikak, eragileekin burutu beharreko ekintza zehatzak, energiari eta iraunkortasunari lotutako garapen ekonomikoa, informazioa, sentsibilizazioa eta prestakuntza.

Hiru kolektibo

Hiru esparru edo kolektibotan banatu dute Piztu Tolosaldea Energia Plana: udal eta erakunde publikoak, enpresa txiki eta ertainak, eta herritarrak. Herritarrei ere parte hartzea dagokiela argitu dute. Udalei begira, tokiko energia estrategiaren garapenean aholkularitza eta bitartekaritza lana egitea dagokiela nabarmendu dute. Udalentzat tokiko garapen agentzia bera "ezinbestekoa" dela esan du Urruzolak. Eskualdeak badu berezitasun bat, eta hori herri gehien dituen eskualdea dela da. "Herri txiki gehien eta sakabanatuenak ditugu, eta guzti hori kudeatzeko ezinbestekoa da garapen agentzia, non eskualde ikuspegi berberetik landuko dituen". Honek, trantsizio energetikoan herritarrei laguntzeko aukera emango diela argitu du lehendakariak. Eta enpresa txiki eta ertainei dagokionean ere, garapen agentziak aholkularitza eta sustapen lana eskainiko die. Hori guztia jaso dute Energia Planean.

Tolosaldean karbono baxuko eredu energetiko berri bat sustatzea edo trantsizio energetiko horretan sartzea dute helburu. Plana "erronka handia" dela esan du lehendakariak.

Garbiñe Mendizabal garapen agentziako teknikariak jakitera eman duenez elektrizitatea eta gasa dira eskualdean gehien kontsumitzen direnak. Eta pobrezia energetikoari helduta, azken datuen arabera, 20 pertsonatik 3k bizi dute pobrezia energetikoa eta horietatik batek, pobrezia larria bizi duela argitu du. Udaletako gizarte zerbitzuekin eta gizarte eragileekin batera pobrezia energetikoaren aurkako plana garatu nahi dute datozen urteetan: "Ezin dugu garai hauetan honelakorik onartu".

Mendizabalen hitzetan garapen agentziak rol aktiboa jokatuko du energia planean, eta udalentzat erreferente izan behar dute. "Lana erraztea egokitzen zaigu, bidelagun izanik". Ez jakintasun handia dagoela eta informazioari eta honen irismenari ere garrantzia emango diote garapen agentziatik, eta baita formakuntzari ere. Energia bulego birtuala ere garatu nahi dute.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!