Turismo ereduari buruzko hausnarketa kolektiboa bultzatuko du Tolosaldea Garatzenek

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 11a, 07:57

Tolosaldearen marka eta webgune turistikoak berritu asmo ditu garapen agentziak, eta horretarako, marketin plana garatuko du; Planaren lehen urratsa eskualdeko turismo ereduari buruzko hausnarketa egitea izango da.

Tolosaldearen erakusleiho diren marka eta webgune turistikoak (Tolosaldea.eus) berritu asmo ditu Tolosaldea Garatzeko Turismo Sailak, eta horretarako, etorkizunera begirako oinarriak finkatuta utzi asmoz, marketin plana garatuko du lehenengo.

Planaren lehen urratsa eskualdeko turismo ereduari buruzko hausnarketa kolektibo edo partekatu bat egitea izango dela zehaztu dute garapen agentziatik. Hiru taldetan banatuta egingo dute diagnosi hori eta bakoitzarentzat galdetegi bana sortu dute: turismo sektorea, batetik; erakunde eta eragile publiko eta pribatuak, bestetik; eta, hirugarrenik, herritarrak.  

Ondorengo gaietan jarriko dute azpimarra hausnarketan: Zeintzuk dira Tolosaldearen indarguneak? Zer hobetu beharko litzateke? Zer da erakargarriena? Zein balio erantsi du eskualdeak gainerako jomugekin alderatuta? Horrela, baliabide turistiko nagusiak identifikatu eta balioetsi nahi dituzte, turistak hobeto ezagutu eta sustapenerako kanal eta mezu egokienak identifikatzearekin batera. 

Tolosaldea Garatzenek azaldu duenez, "sektorea da turistekin harreman zuzenena duena: museoak, lotokiak, jatetxeak, ekoizleak, interesguneak… eta gertuko errealitate hori jasotzea ezinbestekoa da planean". Turismo alorrean lan egiten duten erakunde eta eragile publiko eta pribatuen ikuspuntuak ere bildu nahi dituzte, hala nola, udal edo elkarteenak. Horretarako, aurrez aurreko elkarrizketak, bideo-deiak, elkarrizketa telefonikoak edota online galdetegiak egingo dira, Gura Marketin enpresako teknikariekin batera.

Herritarrei ere zabaldu nahi izan zaie parte hartzeko aukera, "ikuspuntu anitzagoak jaso nahi baitira". Kasu horretan, parte hartu nahi duen orok, bi modu izango ditu aukeran: Alde betetik, online, Tolosaldea Garatzenen web orrialdean argitaratutako galdetegi bat betez. Eta, bestalde, online beharrean, nahiago dutenek, Tolosaldea Tour turismo bulegoan (Andre Maria plaza, 1. Tolosa) izango dute galdetegia paperean betetzeko aukera. Asteartetik ostiralera 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, larunbatetan, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara eta igandetan 10:00etatik 14:00etara jo ahalko da bulegora. Parte-hartze prozesua uztailaren 9ra arte luzatuko da, eta parte hartzen duten herritarrek Tolosaldea Tour turismo bulegoak eskaintzen dituen bisita gidatu bat –Tolosako Alde Zaharra, Andre Maria eliza edo Azoka– doan jasotzeko aukera izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!