BABESTUTAKO EDUKIA

Errioxa: distira aire zabalean, gertu-gertu

Errioxako Gobernua 2021ko eka. 14a, 09:58
Errioxako paisaiaren aniztasunaz goza daiteke, familian, bidaia globoan eginda.

Uda gertu dago, eta hasi da oporretarako atzerako kontaketa; hori dela eta, planak eta ihesaldiak egiten hasteko ordua iritsi da, aire zabalean egun entretenigarriez gozatzeko.

Hunkitu egiten gaituzten gauza txiki horietaz lasai gozatzeko lekuak ditugu buruan. Une bat atseden hartzeko eta naturaz etenik gabe gozatzeko, askotariko jarduerak egiteko edo familian denbora pasatzeko; Errioxak inguru paregabean eskaintzen dizkigun sentsazio eta esperientziak; deskubritzeko leku bat, baina, batez ere, babesleku natural paregabea bizi izateko, sentitzeko eta honekin berriz konektatzeko leku bat.

2.000 metrotik gorako mendiak

Eskualde honetako ekosistemek, bere biodibertsitate erraldoiak eta bertako paisaiaren aberastasun ekologikoak osatzen dituzte Errioxako mendilerroen eta mendien istorio harrigarriak. Helmuga turistiko segurua da; ez da Espainiaren azaleraren %1 baino gehiago, baina bi ekosistema bereizgarri eta paregabe daude bertan: mendiak, kasu batzuetan, 2.000 metrotik gorakoak dira, hala nola Demanda mendilerroko zintzur eta haitzarte amaigabeak eta San Lorenzo mendia, Obarenes, Toloño mendilerroa, Leza ibaiko arroila, Peña Isasa, Matute eta Tobiakoa, besteak beste; eta, bestetik, haranak, babestutako espazioak, zuhaizti bereziak dituzten txoko naturalak, bide berdeak eta haritzezko basoak eta pagadiak.

650 kilometro ibilbide berdea

Lurralde txiki honetan, Sierra Cebollerako Parke Natural ikusgarria dago, Camero Nuevon, Mediterraneo barruko aterpe atlantiko gisa, eta Puente Rako ur-jauzien ibilbidea; baita Leza (Camero Viejo), Jubera, Cidacos eta Alhama haranetako Biosferaren Erreserba, aldi berean Starlight helmuga turistiko gisa izendatua, izarrak behatzeko gure zeruen kalitate apartagatik; izan ere, egun, argi-kutsadura dela eta, gero eta ezaugarri urriagoa da hori, baina Errioxaren kasuan, gaueko zerua Europako ilunenetako bat da.


Ondo seinaleztatutako 1.400 kilometrotik gorako bidezidorrak ditu Errioxak.

Baina, gainera, Errioxa oinez gozatzeko lurraldea ere bada, adin eta maila guztietako ibiltarientzako egokia: ondo seinaleztatutako 1.400 kilometrotik gorako bidezidorrak ditu, eta 650 kilometrotik gorako ibilbide berdeak, eta horiek guztiek paisaien mosaiko ederra osatzen dute, Naturagune Babestuak zeharkatuta, kalitatezko eta ondo banatutako berrehun landa-ostatu baino gehiagorekin.

Erraz zeharka daitekeen lurraldea da, eta naturarekin lotura intimoagoa izatea ahalbidetzen duten toki deskubritu gabeak eta masifikazio gutxikoak hartzen ditu. Aukera ematen digu Espainiako natur soinuen erreserbarik garrantzitsuenaz gozatzeko, eta isiltasuna da lurraldea bereizten duen baliabideetako bat, Biosferaren Erreserbako Isiltasunaren Ibilbideen bidez; horrez gain, paisaia gure zentzumen guztien bidez berraurkitzeko aukera dugu.

Ekoturismoa eta biodibertsitatea

Errioxak ingurune natural pribilegiatua eta ekoturismoa egiteko gune ikusgarriak ditu, baina faunagatik, floragatik eta dituen berezitasun geologiko paregabeengatik ere nabarmentzen da. Lurraldean zehar, erosotasun handiz goza daiteke Natura 2000 Sareko naturaguneez, eta bertako eremu geografiko ugarietako biodibertsitate aberatsa ezagut daiteke, babestutako espezie asko baitaude. Horren adibide da Alfaroko San Miguel kolegiata, Errioxa berezi egiten duen lekuetako bat: bertan bizi da munduko zikoina zuriaren koloniarik handiena, eraikin batean finkatua, ehun bat habiaz osatua, eta 500 zikoina ingururekin.


Naturaz ere goza daiteke Errioxan.

Gainera, Cameros eskualdera joaten bagara, artzainen bizitza ezagut dezakegu Transhumantzia Zentroan, edo, benetako espeleologoak bagina bezala, estalaktitaz eta estalagmitaz betetako Ortigosako Haitzuloak bisitatu; eta Errioxa Beherera joatea erabakitzen badugu, Contrebia Leucadeko aztarnategi arkeologikoaren Museoa eta Interpretazio Zentroa bisitatu, non naturan zizelkatutako hiri zeltiberiarrak ikusi ahal izango ditugun Aguilar del Rio Alhaman.

Dinosauroen aztarna ugari

Dinosauroak maite dituzten eta jakin-min handia duten guztientzat, Errioxa ezaugarri geologiko paregabeak dituen lurraldea da; munduan berezi egiten du horrek, eta Unescoren munduko sarean sartzeko hautagaitza aurkezteko aukera eman dio, Errioxako Dinosauroen Aztarnen Geoparke gisa. Izan ere, munduan inon ez dago dinosauroen aztarnen kontzentrazio hain handia: gutxienez 170 aztarnategi, 11.000 dinosauro arrasto baino gehiagorekin, Leza, Jubera, Zidacos eta Alhama-Linares haranetan.

Familian gozatzeko jarduerak

Errioxaz gozatzeko aukerak askotarikoak dira; bakarka, bikotean, lagunekin, baina baita familian ere; izan ere, uda honetan erreserba egiteko garaia da. Ibilaldi gogorren, bizikleta-ibilaldien, naturan zeharreko ibilaldien edo ondare, kultura eta geologia altxorretara bisitak egin ondoren, barre-algarak egiteko, izarren azpian gaualdiak igarotzeko edo bere establezimendu atseginen batean goxo-goxo lo egiteko.

Turismo aktiboaren eta abentura-turismoaren zaleentzako leku ezin hobeak dira Errioxako paisaiak hainbat jarduera egiteko, hala nola uretako kirolak beren ibairen batean edo El Rasilloko Klub Nautikoan, edo Najerilla, Iregua eta Leza ibarretako ibilbidea motorrez egitea, Eurovelo 1 eta 3 Europako ibilbideez gozatzea, Errioxako paisaiaren aniztasuna mirestea globoan egindako bidaia batekin edo eskualdea definitzen duen mahastien itsasoa bisitatzea segwayetan, quadetan edo zaldi ibilaldietan

Errioxa bereziki egokia da familientzat. Encisoko El Barranco Perdidoko paleoabentura parkean abentura-zirkuituaz goza daiteke, baita hondartza kretazikoko igerilekuetan bainu bat hartu, edo duela 120 milioi urte lur honetako biztanleak nolakoak ziren ezagutzeko hainbat tailerretan parte hartu.

Errioxa naturala benetako oparia da zentzumenentzat; elkargune eta helmuga turistikoa. Deskubritzeko, baina, batez ere, uda honetan bizi izateko, sentitzeko eta gozatzeko.

Informazio gehiago hemen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!