'Herri bat hezkuntzatik eraikitzen' jardunaldietan izena emateko epea zabaldu dute

Ataria 2021eko ekainaren 10a

Oinherri herri hezitzaileen sareak antolatu du jardunaldia, uztailaren 1ean, Errenterian. Sareko kide diren eskualdeko udalek parte hartzeko deia luzatu dute.

Joan zen maiatzaren 21ean hitzarmena sinatu zuten Oinherrik eta Zizurkilgo Udalak. Herri hezitzaileak sustatzeko elkartea da Oinherri eta urtebeteko hitzarmena sinatu zuen udalarekin. Honenbestez, herri hezitzaileen sareko parte da Zizurkil. Eskualdeko beste hainbat herrirekin batera.

Jardunaldi baterako deialdia luzatu berri du Oinherri elkarteak. Uztailaren 1ean, Herri bat hezkuntzatik eraikitzen izenburupean, hezkuntzaren inguruko hausnarketak egingo dituzte Errenterian.

Euskal Herriko hezkuntza herri hezitzaileen ikuspegitik zer nola ikusten duten eta, hezkuntza ulertzeko modu honek hezkuntza estrategia bateratu bateranzko norabidean egin dezakeen ekarpena lantzea da jardunaldiaren helburu nagusia.            

Uztailaren 1ean, ostegunarekin, egingo da jardunaldia, Errenteriako Lekuona kultur fabrikan. Egun osoko ekimena izango da; 09:30-13:30 eta 15:30-17:30. Elkar zaintzeko osasun neurriak bermatuko dituzte antolatzaileek.

Izena emateko, honako webgunean sartu behar da:  http://herrihezitzailea.eus/ eta apuntatzeko azken eguna ekainaren 27a da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!