Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko hainbat kidek bilera telematikoa egin dute Gotzone Sagardui Osasun sailburuarekin, gaur goizean, Ibarrako udaletxean. Tolosaldeko ospitale publikoaren gaia jarri dute mahai gainean, eta bilera amaitu berritan, inpresio «gaziarekin» utzi dituela esan du Igor Zapirain Ibarrako alkateak. Tolosaldeko Alkateen Mugimeduak osasun ereduaren inguruan egin duen lanketa bidaliko dio sailburuari, eta bere ekarpenaren zain geratu dira orain.
Zapirainez gain, Beatriz Unzue eta Pili Legarra, Amasa-Villabona eta Asteasuko alkateek ere hartu dute parte bileran, eta Sagarduirekin batera, Nestor Arana Osakidetzako ekonomia eta finantza zuzendaria, Rosa Perez Osakidetzako zuzendari nagusia eta Nerea Urien Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordea aritu dira pantailaz beste aldera.
Lehenik eta behin, Zapirainek azaldu duenez, Sagarduiri beraien desadostasuna adierazi diote aste honetan Tolosara egin duen bisitan beraiek aintzat ez hartzeagatik: "Mahai gainean jarri diogu aste honetan bertan Tolosara etorri dela ospitale publikoa non kokatuko den ikustera, eta bitartean, gu telematikoki hartu gaituela, aurrez aurre eseri beharrean". Tolosari dagokion kokalekua delako bildu zela Olatz Peon alkatearekin azaldu die.
Kokalekua non izan erabakitzeko garaian, ordea, alkateen mahaiko kideek ere bertan egon behar zutela azpimarratu du Ibarrako alkateak. "Kokaleku hori Tolosari dagokio, baina zein da bere funtsa? Tolosaldeko ospitale publiko bat egitea da, eta horregatik diogu aste honetan Tolosan egin duten bileran Tolosaldeko alkateok ere bertan egon behar genuela".
Osasun ereduari begira
Kokalekuari baino osasun ereduari ematen dio garrantzia Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak. Orain dela 10 urte inguru Osasun sailak jorratu zuen txosten batetik abiatuta, lanketa bat egin dute osasun ereduari buruz: "Osasun eredu komunitario bat behar dugu, eta Osasun sailak egindako lanketa eguneratu dugu". Sagarduiri txosten hori bidaliko diote, eta irakurri ostean, ekarpenak egiteko eskatu diote, «ea posible den etorkizuneko Tolosaldeko osasun publiko horretan eredu komunitarioa txertatzea». Zapirainek esan duenez, irakurriko duela erantzun die sailburuak, baina esan die «osasungintza bere osotasunean beraien eskumena» dela.
Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak lanean jarraituko du, «herriak zer dioen entzuteko». «Tolosaldea ez da herri bakarra, 28 udalerrik osatzen dugu».