Elkarrizketa

«Igoera oso ona da klubarentzat, herriarentzat eta jokalarientzat»

Imanol Garcia Landa 2021ko eka. 9a, 11:58
Mikel Saizar eta Aitor Aldalur, Bigarren Mailara igo direla ospatzen Badajozen zelaian.

Datorren denboraldia gogorra izango duten arren, Bigarren Mailan Amorebietarekin gozatzeko asmoa dute Mikel Saizar eta Aitor Aldalur futbolariek.

Bigarren Mailan jokatuko dute datorren denboraldian Mikel Saizar (Ibarra, 1983) eta Aitor Aldalur (Tolosa, 1991) futbolariek. Amorebieta taldea bere historian lehen aldiz ariko da maila horretan. Hain justu, Bigarren Mailan Ander Gorostidi tolosarrarekin egingo dute topo, Alcorcon taldearekin mailari eustea lortu baitu.

Igoera Badajozen aurkako partidan lortu zenuten.

Aitor Aldalur. Oso partida zaila genuela bagenekien, partida oso gogorra egin eta gure onena atera behar genuela bagenekien. Tentsio handiarekin bizitu genuen, baina baita disfrutatuz ere.

Zuk, Mikel, geldiketa garrantzitsu bat egin zenuen.

Mikel Saizar. Atezain izanik, protagonista izaten zara, onerako eta txarrerako, eta orduan onerako tokatu zen. Geldiketa on bat egin nuen, eta gustura. Pentsatzen nuen gol izango zela, baina azken momentuan eskua atera nuen. Momentuan ni ere pixka bat flipatuta geratu nintzen, eta pentsatu: hau atera baldin badut, pasa gara dagoeneko.

Igoera lortu zenuten unea zoramena izango zen.

M.S. Epaileak txistua jotzen duenean une ederra izaten da. Futboleko gauzarik onena da, igoera bat lortzen duzunean, txistua entzuten duzun une hori. Urte osoko oroitzapenak etortzen zaizkizu: zenbat ordu pasa dituzun entrenatzen, zenbat bidaiatzen, zenbat jolasten, eta hortxe bukatzen dela dena eta lortu duzula...

Beste une berezia Zornotzara bueltatzerakoan izango zen.

A.A. Polita izan zen. Gure familiekin eta lagunekin ospatu genuen aurrena, eta oso hunkigarria izan zen. Gero bidaia egin eta gero, Zornotzara iritsi ginenean, jendea kalera atera zen, eta estadioan bertan jende asko zegoen eta harrera polita egin ziguten.

Denboraldi hasieran helburua igotzea zen?

M.S. Aurten denboraldi arraroa zela bagenekien, Bigarren Maila eta Bigarren B mailaren artean beste maila bat egin behar zuten, eta horra nahi genuen igo. Horretarako aurreneko hiruretan geratu behar ginen, eta hori lortu genuen. Lehen hiru horiek jokatzen zuten Bigarren Mailarako igoera, eta hor presiorik gabe geunden. Gero Linaresi irabazi genion, eta azkenik Badajozi. Bi partidetan taldea oso sendo egon zen, gustura eta disfrutatzen eta hori emaitzetan nabaritzen da.

Badajoz talde handiagoa da Amorebieta baino. Zer jarrerarekin joan zineten bertara?

A.A. Aurrekontu aldetik zein masa sozialaren aldetik Badajoz askoz handiagoa da, eta gainera, beraien zelaian jokatzea tokatu zitzaigun. Presioa beraiek zeukaten eta gu aurretik jarri ginenean, nik uste dut bigarren zatian nabaritu zitzaiela presio hori. Azkenean ezin izan zuten bere jokoa atera.

Zer suposatzen du Amorebietarentzat Bigarren Mailara igotzea?

M. S. Biok pasa den urtean sinatu genuen Amorebietarekin, biok Burgostik etorrita. Aitorrek ezagutzen zuen Amorebieta, nik ez, eta oso antzekoa da kluba Tolosa CF-rekin alderatuta. Herria ere antzekoa da, giroa badago, eta kluba ere oso antzekoa da. Ezberdintasuna da Amorebieta Bigarren B mailan zegoela. Zuzendaritza berria sartu zen eta gauzak oso ondo egin dituzte. Bai klubarentzat eta bai herriarentzat oso ona da Bigarren Mailan egotea.

Orain diru gehiago sartuko zaio klubari. Zuen soldatan ere eragina izango al du?

A.A. Amorebieta ez da Bigarren B mailan asko ordaintzen duena, baina behin Bigarren Mailara igota, soldatetan gutxieneko bat zehaztuta dago, eta kopuru horrek alde handia suposatzen du orain arte jaso dugunarekin alderatuta. Mikelek esan duen moduan, igoera hau oso ona da klubarentzat, herriarentzat eta jokalarientzat, eta denak oso pozik gaude.

Zu, Mikel, Bigarren Mailan jokatuta zaude aurretik. Zerbait gomendatu diozu Aitorri?

M.S. Aurreneko gauza debutean afaria ordaindu beharko didala... (kar, kar). Bigarren Mailan dena azkarrago joaten da, dena politagoa da, zailagoa da... Baina oso alboko ona da, defentsa aldetik oso indartsua da, eta ondo joango zaio.

Eta zuretzat, Mikel, zer suposatzen du berriro Bigarren Mailan aritzeak?

M.S. Sekulako poztasuna. 38 urterekin berriz Bigarren Mailara joatea, eta Amorebietarekin, ez zen nire planetan sartzen. Denboraldia aurrera joan ahala sinisten joan gara, eta niregatik baino gehiago Aitor eta bera bezalako jokalariengatik poztu naiz. Urte asko daramatza Bigarren B mailan, eta kirol aldetik ez dago horrenbesteko ezberdintasunik, baina ekonomikoki bai. Esaten den moduan, kaka asko jatea tokatu zaio eta orain gozatzeko garaia iritsi zaio.

A.A. Saltzen den futbolariaren bizitza hori gehiago da Lehen Mailan eta Bigarren Mailan, Bigarren B mailan baino. Datorrena oso denboraldi zaila izango da. Gu maila eustera lortzera joango gara, disfrutatzera lehiatzearekin batera, eta oso zaila izango da, baina erakutsi dugu oso talde gogorra garela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!