Bizilabe zientzia jardueretan izena emateko epea zabaldu dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 8a, 17:59

Tolosaldea Garatzenek eta Elhuyarrek sustatutako aisialdi eskaintzan 10 eta 14 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Izen emateko lehen txanda, ekainaren 8tik 20ra izango da.

Tolosaldea Garatzenek Elhuyarrekin batera sustatutako Bizilabe Tolosaldea aisialdi eskaintzaren datorren ikasturteko edizioan izena emateko epea ireki da. Bigarren urtez, herriko gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa eta motibazioa, ekintzailetasuna eta sormena bultzatuko dira.

2021eko urritik aurrera 10 eta 14 urte bitarteko gazteek tailerretan parte hartu eta proiektuak egin ahal izango dituzte Amasa-Villabonan eta Tolosan, hurrez hurren, Gaztegunean eta Tolosaldeko Lanbide Heziketa Institutuan izango dira saioak. Ikasturtean zehar, alor desberdinetako zientzia eta teknologia esperimentuak egingo dituzte eta ltalde lanean proiektuak garatuko dituzte, ikertzaile profesionalen gidaritzarekin.

Bizilabe Tolosaldea egitasmoan, tokian tokiko ikastetxe, herriko eragile, ikerketa zentro edota enpresek dihardute lanean eta STEM (Zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak) delakoak bultzatzea dute helburu.

Bide horretan, Bizilabe Tolosaldeako gazteek eskualdeko ikerketa zentroak eta enpresak bisitatuko dituzte eta ikertzaileekin harremanetan izango dira.  Horrez gain, hainbat zientzia jarduera antolatuko dira herriko eragileekin elkarlanean. Horren erakusle, ikasturte honetan arrakasta handiz ospatu den Nazioarteko Neska eta Emakume Zientzialarien Eguna, herrietan egin diren zientzia bizipenak edo eskualdeko irakasleekin egin diren trebakuntza saioak. 

Izen emateak zabalik

Ikasturte berrian izena emateko lehenengo txanda ekainaren 8tik 20ra egongo da zabalik. Webgune bidez egingo da. Ekainaren 20tik aurrera, berriz, libre geratu diren plaza horietan izena emateko aukera zabalik utziko da. 

Programa abenduaren bukaerara arte dago bermatuta momentuz, eta parte hartzaile kopuruaren arabera jarraituko du urtarriletik 2022ko ekainera bitartean.

  • Amasa-Villabona: Astearteak 
    • LH 5-6: 17:15 – 18:45
    • DBH 1-2: 18:45 – 20:15
  • Tolosa: Ostegunak
    • LH 5-6: 17:15 – 18:45
    • DBH 1-2: 18:45 – 20:15
  • Prezioa: Kuota arrunta, 10 euro hilean (hilero kobratuko da)

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!