Tolosaldeko ospitale publikoa

Ospitalea kokatzeko aukeratutako lursaila egokiena izatea espero dute alkate sozialistek

Ataria 2021eko ekainaren 8a

Lainez, De Miguel eta Arana, hurrenez hurren Andoain, Berrobi eta Larraulgo alkateak

Andoain, Berrobi eta Larraulgo alkateek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote gainerako kokapenak behin betiko ez baztertzeko, plan funtzionala amaitu arte.

Maite Arana eta David de Miguel, Larraul eta Berrobiko alkate sozialistak "pozik" agertu dira Tolosaldeko ospitale publikoa eraikitzeko urratsak ematen jarraitzen dutela ikusita. Maider Lainez Andoaingo alkatearekin kaleratutako ohar batean adierazi dute ospitalea kokatzeko aukeratutako lursaila egokiena izatea espero dutela, "Tolosaldeko eskualdeak behar dituen osasun behar guztiak ase behar baititu".

Are gehiago, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote plan funtzionala amaitu arte gainerako kokapenak behin betiko ez baztertzeko: "Plangintza horren bidez, erantzuna emango zaie Tolosaldeko herritarren osasun premiei ez ezik, erreferentziazko biztanleriaren eta laguntza eskaeraren ezaugarriei ere. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak kontuan hartu beharko du datozen urteetan premiek izan dezaketen bilakaera".

Ospitalearen diseinua zehaztuko duen plangintza datorren uda baino lehen amaituta egotea espero dute eskualdeko alkate sozialistek eta esan dute Osasun sailburuak beraiekin izandako bileran horrela hitz eman ziela. Honenbestez, Eusko Jaurlaritzak lan erritmo horrekin jarraitzea eskatu dute, Osakidetzak proiektua lehiaketara aurten ateratzea nahi baitute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!