Gomazko paletan Tolosa eta eskuz Alegia pasa dira finalerdietara

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 5a, 18:02

Anoetak gomazko paletan aukerak zituen sailkatzeko, baina pilotari bat konfinatuta zegoen, eta txapelketatik kanpo utzi dute taldea.

Bost taldeetatik, beraz, bik egin dute aurrera eta Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte. Gomazko paletan Tolosak gutxigatik lortu du sailkatzea, 2-1 galdu baitu Astigarragaren aurka gaurko norgehiagokan. Hiruna berdinduta geratu da kanporaketa eta Tolosak hiru tanto gehiago egin dituenez, finalerdietan izango da. Gaurko hirugarren partida tentsio handikoa izan da, batez ere tanto erabakigarria jokatu delako. 19-8 galtzen ari zen Tolosa, eta tantoa lortuz gero kanporaketa irabazten zuen, eta galduz gero, Astigarragak egingo luke aurrera. Azkenean Agirre tolosarrak lortu du tantoa, eta baita ospatu ere (tantoaren bideoa ikusi daiteke albistearen bukaeran). Finalerdietan Azkoitia izango dute aurkari tolosarrek; orain bi urteko finalean beraien aurka galdu egin zuten.

Eskuz Alegiak lortu du Ataunen aurka 1-2 irabazita. Hori bai, markagailu estuekin: kadeteetan 22-2 galdu, eta jubeniletan zein nagusietan 20-22 irabazita. Alegiarrek Oiartzun izango dute aurkari finalerdietan.

Anoetarentzat izan da egun tristea gaurkoa. Etxean Zarautzi 1-2 irabazita zeuden joaneko partidetan, baina kanporatuak izan dira txapelketatik, "ez aurkeztuak" bezala jarri baitiote antolakuntzatik. Anoetako pilotari bat konfinatuta zegoen, eta ez zuten ordezkaririk eta horregatik utzi dituzte txapelketatik kanpo.

Eskuz final-laurdenetan zeuden Bidania-Goiatzi eta Tolosari bukatu zaie txapelketa. Bidania-Goiatzek 1-2 galdu du etxean, Oiartzunen aurka. Kadeteetan 0-22 galdu dute, jubeniletan tanto bakarrarengatik ere galdu egin dute, eta nagusietan garaipena lortu dute 22-16. Pilotariak oso gustura geratu dira lortutako emaitzarekin txapelketan, eta datorren urtean talde berdinek jokatzeko aukera izango du. Tolosak Amezketako Larrunarri frontoian jokatu ditu etxeko partidak Astigarragaren aurka, eta joanekoetan bezala, oraingoan ere 0-3 galdu du. Kadeteetan 4-22, jubeniletan 20-22 eta nagusietan 19-22 izan dira emaitzak.

Ataun eta Alegia arteko partidaren argazkiak: PATXI RENOBALES

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!