BABESTUTAKO EDUKIA

Gizartearen beharretara moldatutako prestakuntza

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 4a, 13:00
Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutu Integratuko lantaldea.

Aurreko urteetakoa baino eskaintza zabalagoarekin abiatuko du ikasturte berria Tolosaldea LHII-k; ekainaren 18ra arte egin daiteke aurrematrikula.

Inoizko ikasturterik konplexuena gainditu ondoren, datorrenari ekiteko indarberrituta daude Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutu Integratuan. «Guztiontzat erronka bat izan da aurtengoa, eta ikasle nahiz irakasleek aintzat hartzeko esfortzua egin dute». Irailetik aurrera, beste erronka batzuk izango dituzte. Kirolari lotutako bi ziklo berri jarriko dituzte martxan, orain arte izan duten eskaintza areagotuz.

Eskualdean ikusi zuten behar bati erantzun nahian sortu ziren kirol ziklo berriak. «Erantzun oso ona izan dute, guraso eta ikasle ugarik erakutsi baitute interesa». Ondorioz, erdi mailako sei ziklo eta goi mailako zortzi eskainiko dituzte. «Inoizko eskaintzarik zabalena eta interesgarriena izango dute ikasleek».

Partaidetza, ekintzailetza eta asebetetzea sustatuz, pertsona arduratsu, berritzaile, eleaniztun eta trebeak heztea dute helburu. «Ziklo guztietan ETHAZI metodologia izango duen ikastetxea izan nahi dugu, ebaluazioak egiteko modua gaitasunetan oinarrituz eta ikastetxean ditugun gune ezberdinak moldatuz».

Hain justu, duela gutxi amaitu dituzte ikastetxeko hainbat espazio eraberritzeko lanak. «Erabilera anitzeko gelak bilakatu ditugu. Aurten, burbuilak zirela eta, ezinezkoa izan da horiei nahi genuen zuku guztia ateratzea. Baina aurrerantzean, askotariko espazioak izango dira, taldean lan egiteko diseinatuak».

ERREFERENTZIAZKO ZENTROA

Profil ezberdineko zuzendari eta irakasleek osatutako 100 langiletik gorako talde koordinatuarekin, ikasleek dituzten beharretara egokitzen dakite. «Lanerako txertatze oso altua duten ziklo industrialak dira gure indargunea, baina gainerako zikloetan ere datuak oso onak dira».

Bestetik, eskualdeko Lanbide Heziketako ikastetxeen artean, erreferentziazko zentroa izatea dute helburu. «Gertutasuna da giltzarria. Ikasleak dira protagonista, eta euren ikasketa eta lan mundurako jauziaren prozesuan, bidelagun izatea da gure filosofia. Profesional ekintzaileak eta lehiakorrak hezten ditugu, proiektu berritzaileak sortuz eta enpresetan horiek aplikatuz».

558 ikasle izan dituzte aurten, iaz baino 27 gehiago, eta datorren ikasturtean, ziklo berriak tarteko, gehiago izango dituzte. Horretarako, izena eman nahi duenak, hilaren 18a baino lehen egin behar du aurrematrikula, online edo presentzialki (aurrez hitzordua eskatuta); matrikula, berriz, uztailaren 19tik 21era bitarte egin ahal izango du.

HELBURU ESTRATEGIKO BAT

Halaber, baloreetan oinarritutako prestakuntza profesionala eskaintzen dute. «Sortzen diren erronka berriei aurre egingo dien ikastetxe bat nahi dugu, metodologia aktiboak eta eraginkorrak erabiliz eta inguruko enpresa zein erakundeekin lankidetzan arituz». Beste urte batez, harreman horiek estutzen, proiektu berriak sortzen eta internazionalizazioa bultzatzen jarraituko dute. «KA2 proiektuaren bitartez inklusioa lantzen ari gara Europako beste bost herrialderekin. Horrez gain, ikasle guztiak joan dira aurten praktikak egitera, 50 enpresa berrirekin jarri gara harremanetan, eta jada ia 300 enpresekin gabiltza elkarlanean».

Institutuko ziklo guztietan, prestakuntza duala egiteko aukera izaten dute bigarren mailako ikasleek. Ikaskuntza-prozesuak uztartzen dituzte enpresan eta ikastetxean. «Ikastetxeko helburu estrategikoetako bat da. Egoera errealei aurre egiten ikasiz eta urtebeteko esperientzia lortuz, kalitatezko lanpostu bat lortzeko aukera dute ikasleek».

Enpresentzat ere modu erakargarria da. «Batez ere, norbait kontratatzeko asmoa dutenek jotzen dute ikasleengana. 8-10 hilabetez zurekin gustura arituz gero, ez dute inoren bila ibili behar izaten». Ikastetxearen kasuan, datuak «oso onak» dira. «Hezkuntza duala burutzen duten ikasleen %90ak jarraitzen du praktikak egindako enpresan lanean. Laneratze tasa altua dugunez, pandemiak eragindako krisia dela eta, aukera ezin hobea da Lanbide Heziketa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!