Herritarren kooperatiba energetikoen Ekiola proiektua aurkeztu diete udalei

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko eka. 1a, 17:01

Aldundiak sortu duen Ekiola proiektua energia berriztagarrien eta autokontsumoaren alde egiten duten herritarren kooperatibetan oinarritutako energia eredua da. Gaur aurkeztu dute Tolosaldea Garatzenen, eta bertan izan dira udal ordezkariak eta teknikariak.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako diputatu den Jose Ignazio Asensio diputatuak eta Ingurumeneko zuzendari den Monika Pedreirak eskualdeko udal ordezkariei eta teknikariei Ekiola proiektua aurkeztu diete.  Tolosaldea Garatzenen. Energia berriztagarrien eta autokontsumoaren alde egiten duten herritarren kooperatibetan oinarritutako energia eredua da Ekiola.

Energia sistema berriak ezartzea bultzatu nahi du aldundiak, hau da, energia berriztagarri eta jasangarria eta autokontsumoa aukeratzen dituzten sistemak; «gure lurraldearen kanpoko mendekotasun energetikoa murriztea xede dutenak», azpimarratu du Asensiok. Honela, herritarrak ahalduntzea eta energia sistemaren erdigunean rol aktiboarekin kokatzea bilatu nahi dute. 

Asensiok nabarmendu duenez, «hain beharrezkoa den trantsizio energetikoa gizarte gisa daukagun erronketako bat da». Aldundiaz gain, Eusko Jaurlaritza eta udalekin elkarlana bultzatzea nahitaezkoa dela, eta bereziki herritarrak jarri behar direla protagonista esan du. Energia trantsizioari bultzada bat ematea dute helburu. 

Kooperatibak eta komunitate energetikoak nolako bideragarritasuna duten erakutsi diete. Kooperatiba horiek irabazi asmorik gabekoak dira, eta eguzki energia sortzen eta kudeatzen parte hartzera bultzatu nahi dituzte herritarrak, beren hornidurarako. Honela, «klima aldaketari aurre egiteko balio izateaz gain, Gipuzkoako 62.000 etxe baino gehiagori eragiten dien kalteberatasun energetikoa desagerrarazteko tresnarik onena» dela argitu du Asensiok.

Gogora ekarri du lurraldeak duen menpekotasuna. Gipuzkoak %92ko energia menpekotasuna du, hau da, autohornikuntza %8a baino ez da.  

Kooperatibak sortzea
Ekiola proiektua kooperatibak sortzea izango litzatekeela azaldu du Iñigo Ansolea Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak.  «Herritarrok parke fotovoltaikoen jabe izatea nahi dugu, eta gure energia sortu eta sortzen dugun energia hori gure etxeetan kudeatuko dugu».  Horixe izango litzateke Ekiola proiektuaren oinarria.  Eredu juridikoa, aldiz, kooperatiba bitartez egingo litzateke.  

Kooperatiba horiek Energiaren Euskal Erakundearekin eta Krean ingeniaritza sustatzailearekin batera egingo dira, horiek izango baitira Gipuzkoako Lurralde Historikoan Ekiolak izeneko eguzki energiako herritarren kooperatiben instalatzaileak. «Eskualdeka eta herrietan Ekiolak garatzen ahaleginduko dira, eta bertako eragile ezberdinekin batera bultzatzen saiatu», esan du Ansolak. Herri mailan zein eskualde mailan egin daitezkeen proiektuak direla azaldu du. «400 bat familiak parte hartuko dute proiektuko, eta horretarako masa kritiko bat behar da aurrera egin ahal izateko. Herri txikiek proiektu honetan lekua izan dezaten, eskualdeka garatu daitekeen proiektua da», azpimarratu du.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!