Ez dira geldirik egon Saiazko emakumeak

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko eka. 1a, 11:59
Iazko martxoaren 8an Saiazko emakumeak bertso bazkarian elkartu ziren.

Emakumeen Foroa martxan jarri du Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, eta «inoiz baino behar gehiago dagoelako» hainbat ekimen martxan jarri nahi dituzte.

Saiaz Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak pasa den asteartean jarri zuen martxan, berriz ere, Emakumeen Foroa. Ez zekiten zer gertatuko zen, baina «gustura» geratu ziren lehen saioarekin. Urte eta erdian «haustura asko» egon direla nabarmendu du Elena Rikondo gizarte langileak; «ez dakizu jendeak nola erantzungo duen edo zer egingo duen». Baina egoeraren aurrean, inoiz baino garbiago dute ekimen ezberdinak dinamizatzen jarraitu behar dutela, «beharra dagoelako».

Emakumeen Foroa elkargune moduan definitu du Rikondok, hau da, espazio eta gogoeta gune bat: «Bailara honetako emakumeek momentu jakin batean dauzkaten behar eta nahiak bertan adierazi eta konpartitzeko da». Gero, udal eta mankomunitate moduan, behar horiei erantzunak ematen ahalegintzen dira.

Pandemia iritsi aurretik, Emakumeen Foroa hasi berria zuten Albiztur, Bidania-Goiatz, Errezil eta Beizama herrietako emakumeek. «Motorrak berotzen eta pixkana jendea animatzen hasia zen. Dinamikatxo bat dagoeneko sortua zegoen», gogora ekarri du gizarte langileak.

2020ko martxoan halabeharrez etena etorri zen, baina pasa den asteko foroan, ondorio garbia atera zuten: «Emakumeak ez dira geldirik egon». Ez dute Emakumeen Foroa martxan izan, baina interesgarri egin zitzaien lehen elkartzea non egon den bakoitza jakiteko. Ariketa egin zuten pasa den asteartean, eta emakume bakoitzak, pandemia garaian, zer egin duen norberarentzat, familiarentzat, lan mailan eta baita herri mailan ere idatzi behar izan zuen. «Hausnarketa interesgarriak atera ziren», esan du Rikondok. Garbi atera zutena, emakumeek, batez ere, zaintzan egin duten lana izan zen: «Familiarentzat, lagunentzat, lankideentzat... zati hau oso erraz bete zuten, baina gehiago kosta zitzaien 'zer egin dut niretzat?' erantzutea».

Herriarentzat egindakoen kasuan ekimen ezberdinak izan zirenez, erantzunak ugariak izan ziren. «Ekimenetan parte hartzeaz gain, boluntario eta laguntza sareetan egon dira, eta hor bete-betean egon dira bailarako emakumeak».

BARRURA BEGIRATZEA, KOSTA

Bakoitza bere barnera begira jartzeak lan gehiago eman zien emakumeei. Eta aurrera begira erronka jarri zuten, galdera luzatuz: «Nik zer egin nahi dut? Zer gustatuko litzaidake egitea orain?». Hasieran denak isilik geratu zirela kontatu du Rikondok, eta galdera konplikatua dela onartu du.

Emakumeen Foroak nola izan behar duen ere galdetu zieten; ea leku itxi batean edo kanpoan, naturaz gozatu nahi duten edo bazkari bat egin nahi duten. Proposamen batzuk pentsatuta eman zituzten, eta jendea animatzen hasi zela- eta, azkena atera zen, hau da, bazkari bat egin nahi dutela. «Eta bat-batean begiak piztu egin ziren», esan du Rikondok.

Aukera ezberdinak jarri zizkieten, eta, esaterako, ez zuten hirira joateko gogo berezirik azaldu. Elkarrekin egin nahi dituzte gauzak, eta talde kohesioa indartu nahi dute. «Zer sentitzen ari garen jaso nahi dugu, eta askotan bilera formatuak hotzak dira».

Aurreratu duenez, ziurrenik, Abadiño aldera joango dira Arrazola auzora. Hasteko oinez paseo txiki bat egingo dute; «oinezko ibilbide horretan askoz ere gai gehiago aterako direla seguru gaude». Dagoeneko martxan jarri dira, eta erreserbatu dute eguna udarako. «Barruak gehiago irekiko dituztela uste dugu».

Oraindik parte hartzen ez duten emakumeek gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri beharko dute, eta foroetan edota irteeretan parte hartzeko aukera izango dute. Lau herrietako emakumeak parte hartzera animatu nahi dituzte, eta izena ematea baino ez dutela egin behar argitu du Rikondok.

«Gogoa» dagoela dio, baina era berean, zaintzan erabat sartutako belaunaldiak daudela; adineko gurasoekin ez bada, bilobekin. «Hutsune handi bat sumatzen dute, eta ilusio eta gogo handia dute. Eta adin horretako jendea suspertu behar dugula ikusten dugu», azaldu du. Aukerak eman nahi dizkiete.

Lehen hilean behin elkartzen ziren, baina ibilbide berria oraindik ez dakite nola egingo duten. Momentuz, uztaileko egunpasa dute morez margotuta.

Helburuetako bat ondo pasatzean eta disfrutatzean dute jarria. Ahaztu gabe, elkar entzutea. Udazkenean nola elkartuko diren aztertu nahi dute: «Agian beste formatu bat aurkitu behar dugu. Agian informalagoak eta puntualagoak behar dute izan». Ideiak badituzte baina jendearengana iritsi nahi dute.

II. BERDINTASUN PLANA

Herritarrekin landu nahi dute gaia, eta ekainaren 3an eta 10ean Bidania-Goiazko eskolan elkartuko dira, 18:00etan. Lehenengo indarkeria matxistaren gaineko hausnarketarekin hasiko dira, eta puntu ezberdinak landu ostean, uztailaren 1ean biktima izan den emakume baten testigantza ere jasoko dute.

Gero, udazkenean, instituzio ezberdinekin landuko dute. Sentsibilizazio lanketa egin nahi dute, eta azken helburua talde bat osatzea izango dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!