Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak zuzentzen duen LABI batzordea arratsaldean bildu da COVID-19aren pandemiari aurre egiteko indarrean dauden neurriak aztertzeko, eta hainbat neurri malgutzeko erabakia hartu du. Malgutzea ordutegiari dagokio batez ere, izan ere, 22:00etatik 24:00era luzatu dute ostalaritzak nahiz merkataritzak irekita eduki ahal izateko muga. Kultur jardueren kasuan ere, gauerdira arte egin ahalko dira.
Ostalaritzaren kasuan, ordutegiaren muga malgutu badute ere, ez da horrela gertatu elkartu daitekeen jende kopuruan. Izan ere, orain arte ezarrita zegoen bezala, lauko mahaietan elkartu ahalko da jendea. Aforoari dagokionean ere, orain arte ezarrita zeuden neurriak mantentzea erabaki dute.
Elkarte gastronomiko ugarik eskaria egina zuen horiek irekitzea ahalbidetzeko, baina, ez irekitzeko erabakia hartu du Labik.
Aire zabaleko kirol jarduerak pertsona mugarik gabe egin ahalko da eta aisialdiko taldeak gehienez sei lagunekoak baziren orain arte, hamar laguneko taldeak izan ahalko dira aurrerantzean, beti ere ohiko taldeak badira. Garraio publikoaren ordutegiari dagokionez, gauerdira arte luzatuko dira horiek ere.
Neurriak bihar argitaratuko dira aldizkari ofizialean eta asteazkenetik aurrera egongo dira indarrean.
Urkulluk kutsatuen kopuruan eman den bilakaera eta intzidentzia tasak eta hildakoen kopuruak izan duen beheranzko joera nabarmendu du. Era berean, azken egunetan izan den bilakaeraren eteteak "ziurgabetasuna" sortzen duela esan du, eta zuhurtziaz jokatzeko eskatu die herritarrei. Bestalde, intzidentzia tasa 150etik behera kokatu arte ez dela bestelako neurririk hartuko aurreratu du.