Tolosaldeko Emakumeen Etxea garatzeko bilera irekia, asteazkenean

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 31a, 18:59

Amarozko auzo-etxean izango da ekainaren 2an, 18:00etan hasita, eta eskualdeko emakumeak deitu dituzte parte hartzera; azken fasea aurkeztu eta hurrengo urratsak zehaztu eta baloratuko dituzte.

Tolosan eta Tolosaldean emakume eta gizonen arteko berdintasun erreala sustatzea helburu duen proiektua da Tolosaldeko Emakumeen Etxea. 2018an abiarazi zen proiektua definitzeko parte hartze prozesua, eta aurtengo maiatzean hasi da azken fasea, 2022ko martxora arte luzatuko dena. Orain arteko lau lan-taldeak mantenduko dira azken fase honetan ere (Talde Motorra, Lantalde politiko-teknikoa, Talde Eragilea eta Emakumeen Gune Zabala) eta etxearen kudeaketa eredua finkatu, finantziazio partekaturako eredua zehaztu eta arautegia, funtzionamendua eta programazioa erabakiko dira.

Maiatzaren 10ean elkartu zen Talde Eragilea azken fasea abiarazteko, eta asteazkenean izango da azken fase honetako Emakumeen Gune Zabalaren lehen bilera irekia, 18:00etan hasita, Amarotz auzoko auzo-etxean. Tolosako eta eskualdeko emakumeak deitu dituzte bileran parte hartzera. Lehen bilera honetan azken fasea eta kudeaketa-ereduaren proposamena aurkeztu eta kontrastatu, eta hurrengo urratsak zehaztu eta baloratuko dituzte.

Tolosako udal webgunean (www.tolosa.eus) atal bat sortu da Tolosaldeko Emakumeen Etxearen partaidetza prozesuaren inguruko informazio eta dokumentazio guztia biltzeko (bileren deialdiak, aktak…), eta egitasmoan parte hartzeko edota egitasmoarekin lotuta ekarpenak egiteko berdintasuna@tolosa.eus helbidera idatzi dezakete herritarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!