Enplegu publikoaren aldeko mobilizazioa egin dute Tolosako udaletxe atarian

Ataria 2021eko ekainaren 1a

ELA, LAB, CCOO, SATSE, ESK eta Steilas sindikatuek Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publiko osoan deitutako mobilizazioekin egin dute bat gaur, Tolosako Udaleko hainbat langilek LABek deituta, eta elkarretaratzea egin dute udaletxeko arkupeetan.

Sindikatuek esan dute pasa den apirilaren 22an egindako grebaren balorazioa oso positiboa dela, baina Eusko Jaurlaritzak ez duela behar bezalako erantzunik eman. "Milaka langile publikori greba eskubidea ukatzen zieten gutxieneko zerbitzuak ezarri arren eta pertsonen mugikortasuna asko baldintzatzen zuen pandemia egonda ere, 18.000 langilek baino gehiagok parte hartu zuten EAEko hiru hiriburuetan deitutako manifestazioetan", gogoratu dute.

Eusko Jaurlaritzak ordea, 60.000 langile baino gehiago kontsolidatzeko benetako urratsik eman gabe jarraitzen duela esan dute, eta erantsi dute "Europako behin-behinekotasun ranking altuenaren lehen tokian dagoen bitartean, pribatizazioaren aldeko apustuarekin" jarraitzen duela. Horiek horrela Jaurlaritzak egiten duen proposamena ez dela nahikoa uste dute sindikatuek; "ez mahai orokorrean, ez mahai sektorialean, ez du enplegu publikoa kontsolidatzeko bidean aurrera egiteko borondaterik agertzen". 

Sindikatuek esan dute bilera deialdiak egingo dizkiotela Eusko Jaurlaritzari, Eudeli eta alderdi politikoei, "haien esku dagoelako, eta ez beste batzuetan, zerbitzu publikoak indartzea eta behin-behinekotasunaren gaitza pairatzen duten 60.000 langile baino gehiagori enplegua kontsolidatzea". Bide horretan kokatu dute gaurko elkarretaratzea eta ekainaren 5ean Donostian, Bilbon eta Gasteizen manifestazioak egingo dituztela esan dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!