Altuna III VS Rezusta _ Buruz Buruko Finala 2021

Txapelduna berriro ere eskualdekoa izango da

Imanol Garcia Landa 2021ko mai. 31a, 16:41
Jokin Artola eta IƱaki Artola, partida batean.

Iñaki Artolak eta Jokin Altunak Buruz Buruko Txapelketaren finala jokatuko dute ekainaren 13an, asteburuan Rezustari eta Zabaletari irabazi ondoren. 

Eskualdeko pilotazaleak gaizki ohitzen ari dira, beste urtebetez buruz buruko txapelduna eskualdekoa izango baita. Aurreko finala Erik Jaka eta Jokin Altunaren artekoa izan zen, eta aurtengoan Altunak errepikatu egiten du eta aurkari Iñaki Artola izango du. Azken banakako hiru txapelketatan, aurtengo buruz burukoa kontuan hartuta, finalista guztiak eskualdekoak dira, azken Lau eta Erdikoan Altuna eta Jaka izan baitziren finalean. Gaizki ohitzen ari dira pilotazaleak, baina ez da batere ohitura txarra.

Artolak lehen aldiz jokatuko du final handi bat profesionaletan. Promozio mailan Lau eta Erdikoa irabazi zuen, Altuna zela aurkari, gainera, baina lehen mailan ez du lortu hain urruti iristea. Larunbatean Rezusta izan zuen aurrez aurre finalerdian, eta partida gogor batean 16-22 irabazi zion alegiarrak. “Tentsio handiko” partida izan zela azaldu zuen ETBko mikrofonoetan Artolak, eta astebete beharko zuela ondo berreskuratzeko. Finalerdietan lehen aldiz sartzerakoan oso pozik zegoen, eta are gehiago finalera iritsita.

“Banuen gogoa erakusteko zertarako gai naizen”, esan zuen Artolak. Gaitasun ezin hobeak ditu buruz burukorako eta aurreko urteetan falta izan zaion konfiantza eta jokoa ditu aurtengoan. Hain justu, binakako txapelketa okerreko bidetik joan zitzaion, lesio luze bat tarteko, eta ez zituen sentsazio onenak buruz burukoari ekiteko. Agian horixe izan da gakoa, berak azaldu zuenez: “Presio gutxien duzunean, ateratzen dira gauzak ondo. Oso pozik nago bai finalera iristeagatik, bai eman dudan itxuragatik, eta jokoan aurrerapausoa eman dudalako”. Sakean oinarritu zuen Artolak bere garaipena Rezustaren aurka, eta kolpez indartsu dagoela erakutsi zuen beste behin.

Altunarentzat zortzigarren finala izango da lehen mailan. 25 urte besterik ez du, eta sekulako maila erakusten ari da banakako lehian. Bost final jokatu ditu Lau eta Erdikoan, eta bi ditu lortutako txapelak. Buruz burukoan hirugarren finala izango du aurtengoa, bigarrena jarraian, eta txapel bat du modalitate horretan. Profesionaletan hasi zenean buruz burukoan arrakastarik ez zuela izango zirudien, baina Altunak pilotan jartzen duen gogo eta pasioan ez du inoren inbidiarik, eta hirugarren finala jokatzera doa dagoeneko. “Profesionaletan hasi nintzenean zaila ikusten nuen buruz burukoan goian egotea, baina indarra badudan seinale da. Aurten agresiboago ere jokatzen ari naiz”, esan zuen atzoko finalerdia irabazi eta gero, ETBko mikrofonoetan. 

Zabaleta izan zuen aurkari partida horretan eta 8-22 irabazi zion amezketarrak. Zabaletak ez zuen bere eguna izan, aurreko bi partidetako maila ez zuelako erakutsi, baina horretan ere bere errua izan zuen Altunak, une oro deseroso sentiarazi baitzuen. 0-12 aurreratu zen Altuna hasieran, Zabaleta ez zela partidan ondo sartu aprobetxatuz, eta horrek eragin handia izan zuen partidan. 

Finalerako txartela lortuta, Altunak bazekien aurkari Artola izango zuela, eta asko pozten dela azaldu zuen: “Merezi duen pertsona eta pilotaria da”. Finalaren aurretik dituen bi aste hauetan egunero gozatzen saiatuko dela esan du amezketarrak: “Egun hauek bizitzea polita da, eta prestaketa ere bai, eta gero eta gehiago disfrutatzen ari naiz”. 

Tolosaldeak berriro ere txapelduna izango du buruz burukoan. Ikusi beharko dena da Artolak lehendabizikoz jantziko duen edo Altunak bere bigarrena lortuko duen. Hori bai, ezbairik gabe, Alegian eta Amezketan bi aste hauetan pilota izango da hizpide.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!