Gomazko paletan Anoetak eta Tolosak abantaila hartu dute, eskuz Alegiak bakarrik

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 30a, 10:02
Alegia eta Ataunen arteko norgehiagokaren une bat, Elorri frontoian.

Herriarteko Pilota Txapelketaren final-laurdenen joaneko partidak jokatu dituzte eskualdeko herriek. Eskuz, Bidania-Goiatz eta Tolosa atzetik doaz kanporaketan.

Herriarteko Pilota Txapelketaren final-laurdenetan aurkari gogorragoak izan ari dira, eta oraingoz joaneko partidetan eskualdeko hiru taldek hartu dute abantaila. Gomazko paletan Anoetak eta Tolosak euren norgehiagokak 2-1 irabazi dituzte, eta eskuz Alegia dago aurretik, 2-1eko emaitzarekin. Eskuz ari diren beste bi taldeak atzetik daude kanporaketan: Bidania-Goiaz 2-1 eta Tolosa 3-0.

Gomazko paletan Anoetak Zarautz du aurkari eta joaneko partidak etxean jokatu zituzten. Banaka frontoi osoan 12-20 galdu zuten, binaka 20-7 irabazi eta 7. koadroaren barruan 20-6 ere irabazi zuten. 19 tanto dituzte aldeko, beraz. Tolosak abantaila estuagoa lortu du Astigarragaren aurka: banaka kantxa osoan 20-9 irabazi, binaka 15-20 galdu eta 7. koadroaren barruan 20-17 irabazi zuten. 7 tanto dituzte alde tolosarrek.

Eskuz Alegiak aurrerapausoa eman zuen etxean Ataunen aurka. Kadeteetan 2-22 galdu zuen, eta jubeniletan eta nagusietan irabazi, 22-20 eta 22-8, hurrenez hurren. Norgehiagokaren gakoa jubeniletan izango da, partida hori oso estu irabazi baitzuten. Bidania-Goiatz atzetik doa Oiartzunen aurkako kanporaketan, kadeteetan eta jubeniletan galdu, 22-3 eta 22-19, eta nagusietan 20-22 irabazi ondoren. Ez dute erraza norgehiagokari buelta ematea, itzulerakoan bi partida irabazi arren, tantoei dagokionez 20 tanto aurka baitituzte. Tolosak Astigarraga du aurkari, azken txapelduna, eta oso zaila dute norgehiagoka gainditzea, joaneko partidetan 3-0 galdu ostean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!