Uemako kide berriak dira Amasa-Villabona eta Zizurkil

Josu Artutxa Dorronsoro 2021ko mai. 29a, 15:49

Amasa-Villabonan egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak urteko lehen batzar nagusia, bere 30. urteurrenean, eta bertan onartu du bi herrien eskaera. Gero, ekitaldi berezia egin dute Gurea antzokian.

30. Urteurrena bete berritan, Amasa-Villabonan ospatu du Uemak, urteko lehen batzar nagusia. Aurrekontuak aurkezteaz gain, aurtengo urterako aurreikusitako proiektu eta kanpainak azaldu dituzte bertan. Horrez gain, garrantzi handiko erabaki bat hartu da: Amasa-Villabona eta Zizurkilgo udalek egindako eskaera onartzearekin batera, Uemako kide berri izatera igaro dira. Behin batzar nagusia amaituta, ekitaldi xumea egin dute Gurea antzokian, eta bertan izan dira, besteak beste, bi herri horietako alkateak, Uemako lehendakaria, eta euskararen alde lan egiten duten erakunde, elkarte eta eragileetako ordezkariak.

Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak hartu du hitza aurrena. Gaurko onarpenak “ilusio berezia” egiten diola aitortu du, baita horrelako ekitaldia herrian bertan ospatzeak ere. “Plazer handia da Uemaren 30. urteurrena gure herrian ospatzea, gurea den antzokian. Udalerri euskalduna eta arnasgunea gara, baina hori ezinezkoa litzake hamarkada luzeetan herria berreuskalduntzearen alde herritar ugarik egindako lanari esker ez balitz. Eskerrak, beraz, uskararen alde lan egin duzuen herritar eta elkarte guztiei, udalean euskara zinegotzi izan diren alderdi ezberdinetako kideei, eta nola ez, Maite Arregi udaleko euskara teknikariari”.

Aurrerantzean, udalerri euskaldunetara moldatutako egitasmoak landuko dituztela ere nabarmendu du Unzuek. “Eredugarriak eta aitzindariak izateko bokazioa dugu, inolako konplexurik gabe, arlo guztietan euskaraz biziko den herri bat nahi dugulako”.

Alkatearen atzetik, Paul Bilbao, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak hitz egin du. “Azken boladan, euskararen eta hizkuntza eskubideen inguruan berri desatseginak jaso ditugu, eta komunitateak determinazioz jokatzen duela erakusten dute gaurkoa bezalako ekitaldiek. Egindako ibilbideagatik eta euskaraz bizi diren lurguneen sarea zabaltzeagatik zoriondu eta eskertu nahi dut Uema. Eskerrik asko euskararen normalizazio prozesuaren bihotza diren arnasguneak bizirik mantentzeagatik, horiei esker biziko garelako euskaraz”, adierazi du.

Arnasa gara, “kanpaina eraginkorra”

Arnasgune berriak lortzeko bidean, eta batez ere haur eta gazteak euskaraz hitz egitera bultzatzeko, Arnasa Gara kanpaina jarri zuen martxan Uemak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Euskararen Institutuarekin elkarlanean. Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esan du arnasgunean zaintzea, zabaltzea eta sendotzea dela Eusko Jaurlaritzaren helburua. “Hori posible egiteko, azpiegitura eraginkorra dugu. Arnasguneetako gazteei esker,, adibidez, unibertsitateko ikasle asko lehen aldiz hasten dira eskolaz kanpoko esparruetan euskaraz bizitzen. Horregatik, ezinbestekoak dira horrelako kanpainak. Horri esker, arnasguneetan bizi ez garenok, eguneroko esparru guztietan euskaraz bizitzea posible dela jabetu gara”. Kanpaina “eraginkorra” izan dela azpimarratu du Dobaranek, bidea elkarrekin eta lankidetzan egitea dagokiela gogoratzearekin batera, “gurea ez delako helburu xume bat”. 

Bestetik, Mikel Arregi Euskarabidea Nafarroako Euskararen Institutuko zuzendariak, Nafarroako udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratu du. “Gurean %14a gara euskaldunak, eta horien %30a udalerri euskaldunetan bizi da. Euskal komunitatearentzat erreferentziazko herriak dira, gure arnasguneak direlako”. Halaber, lurralde horretan euskararen erabilera sustatzeko proiektuak aurrera eramateko neurrien beharra aldarrikatu du.

Omenaldiz betetako ekitaldia

Ekitaldiari amaiera emateko, Iraitz Lazkano Uemako lehendakariak hitz egin du jendaurrean. “Udalerri euskaldunak herri honen etorkizunerako giltzarria zarete”, zuzendu zaio publikoari. “Herri honen arnasa zarete, eta ez zarete hil kutxa. Gure udalerrien bihotzari taupadak eragiteko, ezinbestekoa dugu euskara, gurean hain bizirik daukagun altxorra. Erdararen eraisia, ordea, oso nabaria da, aisialdian eta herritarren kultur kontsumoan. Gu arnasa gara, ados, baina horrek ez du askorik balio, beste batzuk ito nahi bagaituzte. Bestela, euskara ezinbestekoa beharrean borondatezkoa izango da, azken asteetan Euskal Herrian bertan ikusi dugu hori”.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean garrantzi handia izan duten hainbat kide ohi, bertso batzuk kantatzera animatu dira. Geroago, gainera, lehendakari ohiek, Uemaren zuzendaritza batzordeko kideek eta euskalgintzako erakunde, elkarte eta eragileetako ordezkariek, larrosa bana jaso dute. Eta Oinkari dantza taldeko dantzarien saioarekin eman diote bukaera gaurko ekitaldiari.

Azkenik, Uemaren sortzaile, bide urratzaile, koordinatzaile eta arima izan zen Iñaki Arregi izan dute gogoan. Gaurko ekitaldiko aurkezlea izan den bere alaba Graxi Arregik lore sorta bat Jaso du, haren omenez, eskertza modura. “Aitzindariek egindako lanari eta zabaldutako bideari esker zabaldu dugu udalerri euskaldunen sarea. Badakigu zein zaila den euskaraz bizitzea, baina egoera iraultzeko lan handia egin da. Gure birika eta arnasa da euskara; bizi dugun pandemia honetan, gainera, ezinbesteko bi elementu dira horiek. Beraz, gure hizkuntza balioan jartzeko unea da”, esan du Arregik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!