Laskorain Hirugarren Mailara jaitsi da

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 27a, 11:58
Areto futboleko Laskorain 2. B mailako taldea, 2020-2021 denboraldikoa.

Asteburuan galdu ondoren matematikoki 2. B mailatik jaitsi egingo da talde tolosarra. Lehenbailehen itzuli nahi dutela diote. Bere aldetik, Hirugarren Mailako Tolosala besteen emaitzen zain dago maila mantentzeko gai izango den jakiteko. Emakumezkoen areto futbolean, Laskorain eta Anoetak Udaberri Sariko finalerdiak jokatuko dituzte asteburu honetan.

Azkenean ez da posible izan eta gizonezkoen areto futboleko Laskorain talde tolosarra 2. B mailatik Hirugarren Mailara jaitsiko da, oraindik ligaren bigarren fasea amaitzeko hiru jardunaldi falta arren. Maila mantentzeko multzoan bederatzi talde daude, azken bostak jaisten dira, eta Laskorain zazpigarren postuan dago. «Orain arte esperantza pixka bat bagenuen, baina matematikak ezezkoa esan du, eta orain ahal dugun ondoen bukatu nahi dugu», esan du Mikel Juaristi Laskoraingo jokalariak.

Hemendik aurrera datorren denboraldia planifikatzen hasiko dira, ahal duten azkarren Bigarren B mailara igo nahi dutelako. «Uste dugu hori dela gure maila», esan du Juaristik. Badaezpada falta zaizkien hiru partidak irabazi nahi dituzte, sailkapenean ahal den gorenen bukatzeko. Hirugarren Mailatik 2. B mailara igotzeko txartela duen talderen batek aukera hori ez badu baliatzen, gero eta gorago egon sailkapenean aukera gehiago dituzte mailan geratzeko.

Aurreko asteburuan Tausteren aurka 2-3 galdu zuten, eta partidak denboraldian gertatutakoa laburbiltzen duela esan du Juaristik: «Lehendabiziko zatian 2-0 irabazten joan ginen, eta bigarren zatian ez genuen izan aurreko urteetan izandako maila fisiko eta agresiboa». Denboraldian zehar aukerak izan arren, ez dituzte hainbeste gauzatu eta defentsa lana ez dutela hain sendoa izan gaineratu du. Hiru denboraldi eman ditu 2. B mailan Laskorain taldeak. Talde gaztea dutela esan du Juaristik eta datorren denboraldirako taldekide gehienek jarraitzea espero dutela.

TOLOSALA, BESTEEN ZAIN

Gizonezkoen Hirugarren Mailan aritu da Tolosala taldea denboraldi honetan estreinakoz. Larunbatean jokatu zuten azken partida, 7-5 irabaziz Santurtziri, baina ez dute oraindik ziurtatuta maila mantentzea. Behintzat azken partidan irabazi beharra zuten matematikoki ez jaisteko, eta azken laugarren bukatu dute ligako bigarren fasea.

Berez, azken sailkatua jaisten da zuzenean, baina goiko mailatik, 2. B mailatik jaisten diren euskal taldeen kopuruak eragina du bere etorkizunean. Oraingoz bi euskal talde jaitsiko dira, tartean Laskorain, eta beraz azken hiru sailkatuak maila galdu dute. Tolosalari itxarotea egokitzen zaio, 2. B mailako Gora Bilbao talde bilbotarrak jaitsiera duelako jokoan oraindik. Beraiek mantenduta edota Hirugarren Mailako txapelduna, Labastida, igotzen bada, Hirugarren Mailan geratuko da talde tolosarra.

UDABERRI SARIA

Emakumezkoen areto futbolean, senior mailan, lau talde ari dira Udaberri Saria jokatzen, tartean eskualdeko Laskorain eta Anoeta taldeak. Ligaxka bukatu da eta orain finalerdiak jokatuko dituzte asteburu honetan. Anoeta laugarren geratu zen eta lehen postua lortu zuen Ordiziaren aurka jokatuko du. Laskorain hirugarren geratu zen eta bere finalerdia Antiguoko taldearen aurka jokatuko dute, bigarren sailkatuaren kontra, hain justu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!