Tolosaldeko Alkateen Mugimendua osatzen duten eskualdeko osasun eremuko 25 alkateek agerraldia egin dute Tolosako Trianguloa plazan. Orain arteko ibilbidean landutako proposamenak aurkeztearekin batera, Tolosaldeko Alkateen Foroa osatzeko eskaera egin dute. «Osasun mahaia eratzeko proposamena luzatu genuenetik, lan handia burutu dugu arlo ezberdinetan, Tolosaldean osasun arreta publikoa eta kalitatezkoa izan dezagun», adierazi dute.
Alkateek esan dutenez, ospitale berriaren kokapena, zerbitzu eskaintza eta zehaztu beharreko bestelako gaien inguruan hausnartzen aritu dira antolatu dituzten lan mahai ezberdinetan. «Orain, Alkateen Foroa eratzeko deia luzatzen dugu, gure proposamenak Tolosaldeko osasun eremuko alkate guztiekin elkarbanatu eta egin daitezkeen ekarpenekin osatzeko asmoarekin».
Eskualdeko alkateei «arduraz eta erantzukizunez jokatzea» dagokiela esan dute. «Horrela, oraindik alkateon mugimenduan parte hartzen ari ez diren Tolosako, Belauntzako, Abaltzisketako, Berrobiko, Larraulgo eta Andoaingo alkateak, Alkateen Foroan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, elkarrekin eta denon artean, Tolosaldean zer-nolako osasun eredua eta azpiegiturak behar ditugun adosteko».
Modu honetan, eskualdeko alkateen mugimenduko kideek baieztatu dutenez, ekainaren 9an bilera bat izango dute Gotzone Sagardui osasun sailburuarekin. «Denon ahotsa ordezkatuta egongo da. Izan ere, eskualde osoko herritarren onurarako, Tolosaldeak ahots bateratua izatea da zentzuzkoena eta eraginkorrena, etorkizuneko ospitale publiko berriaren inguruko erabakiak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin batera elkarlanean hartzeko».