Udako plana, euskararekin

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mai. 29a, 07:59
2019ko Larraulgo festetako irudia. Gazteek herriko hizkuntza ohituretan murgiltzea du xede Mintza proiektuak. J.M.

Lehen aldiz Mintza proiektua jarriko dute martxan Tolosaldean; 12 eta 16 urte arteko gazteei zuzenduta dago, eta helburua euskaraz hitz egiteko ohitura duten gazteak, ohiturarik ez dutenekin elkartzea da; orain, haurrak etxean hartzeko prest dauden familiak behar dituzte.

Ohikoa da udan ingelesa edo beste hizkuntzaren bat praktikatuz ikasteko gazteak atzerrira joatea, bada, Hariadna Kulturaren Sustapenak Euskal Herrira eta euskarari begira proiektu berria sortu du. Mintza Gipuzkoa egitasmoa gaztetxoei begira sortutakoa da, eta 12 eta 16 urte arteko haurrak Tolosaldeko familietan euskara praktikatzen jarri nahi dituzte.

Familia hartzaileak behar dituzte, eta proiektua gauzatu ahal izateko, lehenik eta behin, haur bat etxean hartzeko prest dagoen familiek eman beharko dute izena Mintza Gipuzkoa egitasmoan. «Euskara ikasteko eta erabiltzeko modu aproposa komunitateetan, bertatik bertara, murgiltzea da», diote. Hori horrela, maiatzaren 31 jarri dute izena emateko azken eguna.

Hariadna Kulturaren Sustapena taldeak Mintza Gipuzkoan egitasmoa martxan jarri du Erabileraren auzia… erabilerara jauzia lelopean. Hariadnak gaztetxoen hezkuntza du helburu nagusitzat, eta proiektu ezberdinak dituzte martxan. Hezkuntza arautuko eskoletan erabiltzen dituzten Ikas materialak prestatzen ditu, besteak beste, liburuetara edukiak prestatuz. Azken urteetan, osagarri moduan, teknologia berrien erabilera txarrean ere eragiten ahalegintzen dira, eta campus teknologikoak egiten dituzte. 2013az geroztik ari dira lanean, eta proiektu ezberdinak garatzen dituzte. Nerea Atxega Hariadna taldeko kidearen hitzetan, Kode eskolan beti eduki dute «oso presente» teknologia eta euskara «konpetentzia».

Nerea Atxega: «Hezkuntza arautuaren eragina ez dela nahikoa ikusi dugu, euskararen erabilera indartzeko eta zabaltzeko»

«Euskarari lekua egin behar zaio, eta horretarako hirugarren ildo bat zabaldu dugu aurten», azaldu du Atxegak. Hori horrela, euskarari garrantzia ematen diote Hariadnan: «Guk gure diagnosi propioa eginda, eta adituen txostenak irakurri ostean, ikusi dugu hezkuntza arautuaren eragina ez dela nahikoa euskararen erabilera indartzeko eta zabaltzeko». Nerabeengan eragin nahi dute, eta martxan jarri nahi duten proiektu berria horretara dator: «Gizarte elebiduna bermatu nahi badugu, gazteek gehiago hitz egin behar dute».

Euskaraz bizi diren gaztetxoak harremanetan jarri nahi dituzte, euskara urrutiago duten beste komunitate batzuekin. Hori, familia euskaldunetan egonaldiak antolatuta gauzatu nahi dute. Lehen esperientzia izango da, eta horregatik, Gipuzkoako arnasgunea den Tolosaldea aukeratu dute, eta zehazki, hiru herri: Larraul, Baliarrain eta Altzo. Udalekin harremanetan jarri dira, eta euren babesa adierazi diete, herriko familietan eragiteko. Horretarako «udako plana» eskaintzea pentsatu dute, eta esperimentu moduan hartuko dute.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetan eskaintza zabaldu ahal izateko, hasteko, haurrak etxean hartzeko prest dauden familiak behar dituzte: familia euskaltzaleak. Uztailera mugatu nahi izan dute, eta aste bat edo bi egongo lirateke euskara praktikatzera eta euskal kulturan txertatzera datozen haurrak Tolosaldean. Familiek nahi izanez gero, hilabete osorako ere posible izango litzateke.

Tolosaldera Zuberoatik edo Bizkaitik etorri daiteke haurra, deialdia Euskal Herriko gazte guztiei zuzendua izango da. «Ikusi eta irakurri dugu leku guztietan dagoela behar hori», dio Atxegak. «Lurraldeen arteko hizkuntza arrakala izugarria da, orduan, denek behar dute».

Lehenengo urtea denez, kudeaketarako Tolosaldean kontzentratu nahi dituzte familiak. «Izena ematen duten familia kopuruaren arabera, elkarrekin planak egiteko aukera egon daiteke. Gauzak txukun egin nahi ditugu, eta hasiera batean kontzentratzea erabaki dugu», zehaztu du antolatzaileak.

Nerea Atxega: «Seme-alaba horiekin, eta horiek herrian dituzten lagunekin integratu beharko du, eta bat gehiago izango da haur hartzailea»

Arnasgune garrantzitsuenak Gipuzkoan daudelakoan daude, eta euskararen arnasguneetara ekarri nahi dituzte, arnasguneetan ez dauden gazteak. Hori bai, nahiz eta hiru udalekin jarri harremanetan, eskualdeko beste edozein herritatik apuntatu nahi izanez gero, ez dagoela arazorik aurreratu du: «Alkizatik edo Amezketatik deitu digute, eta noski onartuko ditugula. Beti ere, Tolosaldekoak badira, eta familia aztertu ostean, bat badator proiektuarekin», argitu du Atxegak. 

Maiatzaren 31, astelehena, baino lehen familia hartzaileak aurkitu nahi dituzte. Mintza proiektuan izena eman eta parte hartu nahi duten familia horiek euskaldunak beharko dute izan, eta 12 eta 16 urteen bueltako seme-alabak izan beharko dituzte. Telefono dei bat egitea nahikoa da zalantzak argitu edota apuntatzeko. Horretarako 943 000 333 telefono zenbakia jarri dute, edo mintza@hariadna.net  helbide elektronikora idatzi daiteke. Informazio gehiagorako Mintza proiektuaren webgunera jo daiteke.

Familiako eguneroko bizitzan txertatzea

Izena ematen duten familia horiek eguneroko bizitza egiten jarraitu beharko dute, eta beraien egiteko eta planetan hartzaile duten haurra ere kontuan hartzea izango da egiteko bakarra: «Seme-alaba horiekin, eta horiek herrian dituzten lagunekin integratu beharko du, eta bat gehiago izan beharko du haur hartzaileak», azaldu du antolatzaileak. «Trena hartu eta Donostiako hondartzara edo igerilekura badoaz, beraiekin joan beharko du, edo familiak Txindokira joateko plana badu, beraiekin joango da. Ez dute ezer ezberdinik egin behar», dio.

Familia hartzaileak haurra etxean izateko iraupena aukeratu ahal izango du. Aste bat edo bi. «Familiaren batek hilabete osoan hartuko genuke esanez gero, beste aldearekin hitz eginez ere moldatu gaitezke, baina honelako gauzek marko bat izan behar dute, eta adin horretan egingarriagoa iruditzen zaigu aste bat edo biko iraupenarekin».

Mintza proiektuko lantaldeak ume eta gaztetxo bakoitzaren beharrak aztertuko dituela esan du, «astebete edo hamabost eguneko elkarbizitzarako familia egokia hautatzeko». Irekita daude, eta familia hartzaileekin eta gazteen familiekin, guztiekin hitz egin eta adostuko dute egonaldia. «Bolumen txikian eta oso pertsonalizatua egin nahi dugu», azpimarratu du Atxegak.

Esperientzia «oso polita» izango dela iruditzen zaie antolatzaileei, eta era berean, «oso betea». Helburu bakarra, haurrak, euskara %100 entzun eta hitz egitean jarria dute, eta «hori oso gogorra edo trinkoa da, esaterako, Barakaldoko ume batentzat».

Euskararen erabilerak behera

Hariadna Kulturaren Sustapena elkarteak ikerketen artean Arrue ikerketa hartu du oinarri. Arrue ikerketa 2004. urtean jarri zuten martxan, eta LH4ko eta DBH2ko ikasleen euskara erabilera neurtzen dute. Bi urtetik behin ematen dituzte datuak ezagutzera. EAEko Ikasleen euskararen erabilera eskola-giroan neurtzen dute, eta 2011-2017 datuen txostenetik atera dituzte datuak. Azken urteetako bilakaeraren arabera, euskararen erabilerak behera egin du, eta batez ere D ereduko ikasleen kasuan eman da beherakada hori. 

LH4ko eta DBH2ko ikasleen euskara erabilerak gora egin zuen eskolan, 2011tik 2015era bitartean. Aldiz, 2017ko datuek beheranzko joera erakutsi dute, eta D ereduan atzerapausoak nabarmenagoak dira. 2019ko datuak udazkenean argitaratzea espero dute, eta orduan ikusi ahal izango da atzeraldiak jarraipena izango duen ala 2017ko datuak salbuespena izan diren.

«D ereduko ikasleen artean gaitasun hutsuneak dituzten ikasleen desabantaila nabaria da arlo desberdinetako edukiak euskaraz jorratu eta barneratzeko», adierazi dute Hariadnatik. Horrez gain, «D ereduko ikasleei euskararen B2 tituluaren baliokidetasuna onartzen zaie DBH amaitzen dutenean, azterketarik egin gabe, baina hainbat lanpostu edota ikasketa mailetarako bidea izanik, kasu askotan euskara maila nahikorik ez dute izaten», azpimarratu dute, eta gaineratu: «C1 titulua izan nahi dutenen artean %70ak ez ditu probak gainditzen».

Bukatzeko, erabileran jarri nahi izan dute azpimarra: «Nahiz eta B2 eta C1 tituluak gero eta gazte gehiagok lortzen dituzten, euskara ulertzen duten hiztun hauen artean sarri askotan ez da ahozko hizkuntza ohiturarik izaten eta ez da erabilerara jauzi egiten».

Hala, gazteen etorkizunera begira Hariadna Kulturaren Sustapena elkarteak, hizkuntza ahalduntzean ekarpena egitearekin batera, hizkuntza bera sustatu nahi du, «hiztun kopuruan eta kalitatean eraginez». Izan ere, banakoetan zentratuz erronka kolektibo bateranzko urratsak eman nahi ditu Mintza proiektuak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!