Ostalaritzan sortzen den beira birziklatzeko kanpaina

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 25a, 11:58

Tolosaldeko Mankomunitateak Alegia, Anoetan, Amasa-Villabona, Irura, Ibarra , Tolosa eta Zizurkilgo ostalariak animatu nahi ditu beirazko ontziak birziklatzera.

Tolosaldeko Mankomunitateak beirazko ontzien birziklatzea sustatzeko kanpaina berri bat abiarazi  du. Helburua da Alegia, Anoetan, Amasa-Villabona, Irura, Ibarra , Tolosa eta Zizurkilgo ostalariak beira birziklatzera animatzea, herriz herri biltzen den beira ontzien kopurua handitzeko. Horiek horrela, edukiontzietan desegoki sailkatuta jasotzen den hondakin kopurua ahalik eta txikiena izatea lortu nahi du mankomunitateak. Azterketa lana egitea aurreikusi du eta horretarako bisitak egingo dituzte ostalaritza guneetara. Beirazko ontzien birziklatzeari buruzko argibideak emango dituzte eta birziklatzen onurez hitz egingo dute.

Kanpaina ekainaren 14a bitarte luzatuko da eta lehenik eta behin, argibideak emango dituzte eta ostalariek dituzten beharrak identifikatuko dituzte. "Establezimendu bakoitzak sortutako hondakin-bolumenaren arabera, edukiera handiagoko ala txikiagoko ontziak banatuko zaizkie ostalariei beirazko hondakinak birzikla ditzaten, eta, oro har, birziklatzeko erraztasunak emango zaizkie", esan du mankomunitateak. Bigarren bisita bat egingo dute gero eta beira egoki bereizten duten ikusiko dute.

Tolosaldeko Mankomunitateak nabarmendu du oso garrantzitsua dela ostalarien lankidetza, gaika bildutako beira-kopuruak gora egiten jarrai dezan. "Izan ere, ostalaritzan sortzen da erabilera bakarreko beira-hondakinen % 50, eta, beraz, ostalaritza funtsezko sektorea da birziklatze-helburuak lortzeko: alor horretan egindako edozein aurrerapenek hobekuntza esanguratsua ekarriko dute, klima aldaketaren aurkako borrokan".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!