Abantaila zutenek aurrera egin dute Herriarteko Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2021ko mai. 24a, 17:55
Tolosako gomazko paleta taldeko Urtzi Erleaga palista, Azpeitiaren aurkako partidan, Ibarrako Belabieta frontoian. JON MIRANDA

Eskuz, Bidania-Goiatzek, Alegiak eta Tolosak jokatuko dituzte final-laurdenak, eta gomazko paletan, Anoetak eta Tolosak.

Ez da ezustekorik izan Herriarteko Txapelketan, eta joaneko partidetako emaitzetan ikusitakoa berretsi da itzulerakoetan. Eskuz derbia zegoen jokoan Bidania-Goiatz eta Amezketa artean, eta lehenengoek egin dute aurrera. 2-1 irabazi zuten etxean, eta bidaniar-goiaztarrek Amezketan ere 1-2koa lortu dute. Kadeteetan amezketarrek irabazi zuten 22-10, eta jubeniletan (10-22) eta nagusietan (9-22) Bidania-Goiatzek eraman zuen garaipena. Final-laurdenetako kanporaketa jokatzen hasiko da asteburuan Oiartzunen aurka, eta joaneko partidak etxetik kanpoko izango ditu Bidania-Goiatzek.

Eskuz Alegiak aurrera egin du Zestoaren aurka, 1-2 irabaziz joaneko norgehiagokan. Etxetik abantaila handia eraman zuten alegiarrek, 3-0koarekin. Asteburuan jokatutako partidetan, kadeteetan 5-22 irabazi zuen Alegiak, jubeniletan 22-18 galdu eta nagusietan 11-22 irabazi. Final-laurdenetan Ataun izango dute aurkari alegiarrek, eta joaneko partidak etxean jokatuko dituzte.

Tolosak ere aurrera egin du eskuz, Andoaini 1-2 irabaziz itzulerakoan, aurreko asteburuan lortutako emaitza errepikatuz. Kadeteetan 22-4 galdu zuten tolosarrek, jubeniletan 10-22 irabazi eta nagusietan 8-22 ere irabazi egin zuten. Orain aurkaria Astigarraga izango dute, azken edizioan, 2019koan, txapeldun izan zirenak. Joaneko partidak etxetik kanpo jokatuko dituzte tolosarrek.

Adunak ezin izan zion Ataunen aurkako neurketari buelta eman, eta etxean lortutako 1-2koa ere etxetik kanpo lortu zuen. Lehen bi partidak galdu zituzten adunarrek, kadeteetan 22-1 eta jubeniletan 22-9, eta hirugarrena irabaztea lortu zuten, 17-22, nagusien mailan. Adunarren parte hartzea bukatu da, beraz, aurtengo Herriarteko Txapelketan.

Gomazko paletako derbian, joaneko emaitza bera izan zen, Anoetak 3-0 irabazi baitzion Amasa-Villabonari. Banaka frontoi osoan 20-18, binaka 20-9, eta banaka 7. koadroaren barruan 20-12 irabazi zuten anoetarrek. Final-laurdenetan Zarautz izango dute aurrez aurre, eta joaneko partidak Anoetan bertan jokatuko dituzte, larunbatean, 10:00etan hasita.

Tolosak ere Azpeitia menderatu zuen gomazko paletan, kanpoan lortutako 1-2ko bera etxean lortuz. Tolosarrek Ibarrako Belabieta frontoian jokatu zituzten etxeko partidak, banaka frontoi osoan 20-11 irabaziz, binaka 14-20 galduz eta banaka 7. koadroaren barruan 20-7 irabaziz. Eskuzko taldeak bezala, hauek ere Astigarraga izango dute aurkari final-laurdenetan. Joaneko partidak etxean jokatuko dituzte tolosarrek, Ibarrako Belabieta frontoian, larunbatean, 17:00etan hasita.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!