Eskualdekoen arteko finala izan daiteke berriro buruz burukoan

Imanol Garcia Landa 2021ko mai. 24a, 14:56
IƱaki Artola, artxiboko irudi batean. BAIKO

Iñaki Artolak eta Jokin Altunak aurrera egin dute eta finalerdiak jokatuko dituzte asteburuan, Rezusta eta Zabaletaren aurka, hurrenez hurren.

Historia berriro errepikatu daiteke, protagonista ezberdinekin izango bazen ere. Iaz Buruz Buruko Pilota Txapelketaren finalean eskualdeko bi pilotari izan ziren, Erik Jaka eta Jokin Altuna, eta aurtengoan ere berdina gertatu daiteke. Altunak berriro finalera iristeko aukera izango luke, eta Iñaki Artolak bere lehen finala jokatuko luke lehen mailan. Horretarako, noski, bakoitzak bere finalerdia irabazi beharko luke asteburu honetan. 

Artolak dagoeneko lehen mailan bere ibilbidean lortu duen arrakasta handiena eskuratu du, asteburuan finalerdia jokatuko baitu Rezustaren aurka. Urrutikoetxeari 7-22 irabazi zion alegiarrak Bizkaia frontoian, partida benetan ona jokatuz. Kolpearekin fresko dabil Artola, ondo mugitzen da pilotalekuan, errestoarekin lan izugarria egiten ari da, batez ere airez ezkerrarekin, eta tantoak amaitzen arriskua hartu eta asmatzen ari da. Urrutikoetxea ez da txapeldun atera zen urtekoa, baina ez zuen duen maila erakutsi, eta horren errudun, hein handi batean, Artola bera izan zen. Oso pozik dago alegiarra egiten ari den txapelketarekin, eta beste koska bat gehiago besterik ez du aurretik finalera iristeko. Rezustaren aurkako finalerdia larunbatean izango du, Iruñeko Labrit pilotalekuan. 

Altunak, bere aldetik, puntan jarraitzen duela erakutsi du Ezkurdiaren aurkako partida irabaziz. 15-22 irabazi zion amezketarrak, final-laurdenetako partida orekatu eta gogorrenean. Bi pilotarien maila ikusita, finala izan zitekeena final-laurdenetan tokatu zen beste behin, eta Altunak bereganatu zuen oraingoan ere finalerdietara iristeko txartela. Tanto ederrak ikusi ziren, kalitate handiko jokoa, eta Altunak partida amaieran esan zuenez, xehetasunetan erabaki zen azkenean garaipena. Amezketarrak deseroso eduki zuen Ezkurdia partida osoan zehar, eta tantoak amaitzeko erasokor aritu zen. Bere lehen partida zen txapelketan eta txapelaren bila joateko prest dagoela erakutsi du. Horretarako buruz burukoan bikain jokatzen ari den Zabaletari irabazi beharko dio asteburuko finalerdian. Igandean jokatuko dute elkarren aurka, Bilboko Bizkaia frontoian.

Erasunek, ezustekoa

Promozio mailan Jon Erasunek ezustekoa eman zuen Elordi faboritoari 11-22 irabaziz, eta finalerdietara pasa da zizurkildarra. Beste behin buruz burukorako dituen dohainak erakutsi ditu Erasunek, eta aukera izango du beste final batera iristeko asteburuan duen partida irabaziz gero. Ostiral gauean jokatuko du Egiguren V.aren aurka finalerdia, Gernikako Santanape frontoian. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!