Saharar herriaren aldeko martxa Tolosaldean izan da

Ataria 2021ko mai. 22a, 14:50

Villabonako Errebote plazatik pasa ondoren Anoetako sarreran herritar gehiago batu zaizkio martxari eta 13:00 aldera iritsi da Tolosara. Trianguloan elkarretaratzea egin dute Mendebaldeko Sahararen burujabetzaren alde.

Sortu eta egun gutxitara, 1973ko maiatzaren 20an burutu zuten lehen ekintza Fronte Polisarioak eta urtemuga horren bueltan urtero antolatzen ditu ekitaldiak Tolosaldea Sahararekin elkarteak. Pandemia egoeragatik, aurten ez dute horrelakorik antolatu baina Saharar herriaren askatasuna eskatzeko estatu mailan antolatu den martxarekin bat egitea erabaki dute eskualdeko herritarrek. Villabona, Anoeta eta Tolosa zeharkatu ditu martxa horrek eta Tolosako Trianguloan egin den elkarretaratze batekin amaitu da. 

Mendebaldeko Sahara estatu independente bihur dadin aldarrikatzen dute sahararrek martxarekin eta Espainiako gobernuari gatazka honetan esku hartzea eskatzen diote. Alazne Ruiz Luluaga Tolosaldea Sahararekin elkarteko kidearen esanetan, "inpotentziaz" bizi dute gaur egungo egoera. "Sahararrak oso zapalduta daude eta marokoarrek botere handia dute nahi dutena egiteko. Orain ikusi da nola egin dioten mehatxu Espainiako gobernuari, zer eta COVID-19agatik gaixo dagoen Fronte Polisarioko buru bat artatu dutelako Zaragozan. Zer pentsatu ematen du. Txikikeria honengatik Marokok zein jarrera hartu duen ikustea etsigarria da. Espainiak auzi honetan ardurak ditu eta zerbait egin beharko luke, baina seguruena Marokok gain hartuko diola, beste behin ere".

Egunotan Espainiako estatua zeharkatzen ari da Mendebaldeko Sahararen askatasuna eskatzeko martxa, hiru zutabetan banatuta. Madrila iritsiko da ekainaren 19an eta Espainiako gobernuari manifestu bat emango zaio. Besteak beste, Marokoren okupazioa amai dadila, saharar ekintzaileen eskubideak errespetatu daitezela eta autodeterminazio erreferenduma behingoz antolatu dadila eskatzen dute sahararrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!