Maila oso ona eman du Eukene Larrartek Nazioen Kopan

Ataria 2021eko maiatzaren 20a

Eukene Larrarte, Hong Kongen.

Pistako txirrindularitzako Nazioen Kopa jokatu zen aurreko asteburuan Hong Kongeko belodromoan. Eukene Larrarte tolosarrak hiru probetan parte hartu zuen eta maila oso ona eman du. Domina eta guzti lortu zuen Larrartek, brontzezkoa, Kanporaketa proban.

Horrez gain, beste bi probetan parte hartu zuen. Omniumean seigarren postuan amaitu zuen, baina laugarren postua puntu bakarrera izan zuen. Madisonean, Tania Calvorekin batera parte hartu zuen, laugarren postua lortuz, 26 punturekin, brontzezko dominatik zazpi puntura.

Lehiaketak ez du etenaldirik izango, asteburu honetan Espainiako Txapelketa jokatuko baita, Palmako Illes Balears belodromoan. Omnium eta Madison probak izango dira jokoan, eta bietan izango da Larrarte. Bigarreangoan, ohi bezala, bikotea osatuko du Tania Calvorekin. Omniumean Naia Amondarain ibartarrak ere parte hartuko du.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!