Bi greba egun gehiago, egoitzetako ELAko langileek

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko mai. 20a, 07:58

Otsailean egin zuten elkarretaratzeetako bat, Tolosan.

ELA sindikatuak Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duela langileekin bildu nahi salatu du, eta gatazka «larriagotzen» ari dela; egoeraren aurrean langileak prest daude grebarako, eta gaur eta ekainaren 14an egingo dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren «immobilismoaren aurrean», Gipuzkoako egoitzetako ELA-ko langileek beste bi greba egun deitu dituzte. Gaur eta ekainaren 14an kalera aterako dira egoitzetako langileak.

Azken bi urteetan, Gipuzkoako Foru Aldundiari bilera egiteko eskaera «kontaezinak» egin dituztela adierazi dute, eta «oraindik ez erantzunik jaso ez izana», salatu dute. «Hain larria da egoera Batzar Nagusietan dauden alderdi politiko guztiei bilera bat eskatu geniela», gaineratu dute.

Sindikatuaren esanetan, bilera horien helburua, COVID-19aren aurrean aldundia hartzen ari den neurrien gainean beraien irakurketa helaraztea litzateke. Horretarako, Batzar Nagusietako ordezkariei aldundia eta langileen arteko bilera bat eman dadin eskaera egiteko eskatu zieten.

«Pentsaezina da egoera demokratiko onbideratu batean erakundeetako ordezkariek gatazkan dauden langileei biltzeko eskubidea ukatzea», salatu dute.

ELAko langileek egiten duten irakurketa argia dela esan dute: «Aldundi honentzat pandemian gure bizitzak arriskatu izanaren ordaintzeko modua, umiliatzea eta gure lana baliogabetzea da».

Langileen ustez aldundiak argi du egoitzetako ereduak «huts egiten duela», eta «langileok ateratzen dugula aurrera». Horretarako, hau da, egoitzak aurrera ateratzeko, «esplotatuak eta menderatuak behar gaituzte», diote.

Hain zuzen ere, gizarteko pertsonarik zaurgarrienen bizitza eta heriotzak zaintzen dituztenak, gaur egun jendartea kudeatzen dutenengatik «abandonatuta» daudela sentitzen dute langileek.

DUINTZEA ETA BALORATZEA

Egoitzetako langileek argi dute borrokan jarraituko dutela. Horregatik, beste bi greba egun deitu dituzte. Gaur eta ekainaren 14an greba egun berriak izango dira adinekoen egoitzetan, 250 egun dagoeneko. «Duela ia hiru urte, 2018ko irailaren 28an greba eguna izan zen bezala, helburua ez da aldatzen», aldarrikatu dute. Hau da, sektorean bizitza zaintzen duten langileak duintzea eta baloratzea eskatzen dute, eta baita adinekoei kalitatezko zerbitzua ematea ere».

Egoitzetako gutxieneko zerbitzuak %100ean izan arren, «patronalek eta enpresek hildakoen banaketa ehorztetxeekin adosten dute», azaldu dute, eta baita gobernariek «funts putreak babesten» eta «negozioz hornitzen» dituztela ere.

ELAko langileek, beste behin errepikatu dute «gatazka honen konponbidearen parte» direla. Aldiz, «sektorea finantzatzen duen eta bi urteren buruan bildu nahi den aldundia, eta onura ekonomikoa jaso bai, baina hitzarmena konpontzeko ezer egiten ez duten patronalak, arazoaren parte dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!