Hassan Ait Chaou, bosgarren Espainiako Kopan

Ataria 2021eko maiatzaren 19a

Hassan Ait Chaou, Miranda Ebron jokatutako Espainiako Kopan.

Espainiako Koparen bigarren proba egin zen asteburuan Miranda Ebron (Espainia), eta bertan parte hartu zuen Hassan Ait Chaou billabonatarrak, Euskal Selekzioarekin. Bosgarren postua lortu zuen Ait Chaouk, 35 kilometroak 3.02.57ko denboran eginez, eta lehenengoa izan zen beteranoen mailan.

Oso borrokatua izan zen lasterketa, lehen bost parte hartzaileak hiru minuturen barruan sailkatu baitziren. Irabazlea Asier Larruzea Euskal Selekzioko korrikalaria izan zen eta bere denbora 3.00.03koa izan zen. Andres Garcia izan zen bigarren, 3.01.41ko denbora eginez eta hirugarren Javier Goitia izan zen, 3.01.59ko denborarekin.

Iñaki Olano altzotarra ere Euskal Selekzioaren deialdian sartuta zegoen proba horretara joateko, baina aurreko Espainiako Kopan min hartu zuen belaunean, erorketa baten ondorioz, eta oraindik ez da berreskuratu lesiotik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!