Julen Azkue, bigarren Aiako Harria Mendi Lasterketan

Ataria 2021eko maiatzaren 19a

Julen Azkue, Aiako Harria Mendi Lasterketaren une batean.

Julen Azkue tolosarrak bigarren postua lortu zuen asteburuan jokatu zen Aiako Harria Mendi Lasterketa proban. 15,6 kilometroko bidea egin zuten korrikalariek, eta Azkuek 1.14.26ko denbora egin zuen proba burutzeko. Berak baino denbora hobea egin zuen Aitor Zinkunegi legorretarrak, 11 segundogatik bakarrik.

Gizonezkoen lehen hamar postuetan eskualdeko beste bi lasterkari sailkatu ziren: Ibai Madina berrobitarra seigarren izan zen, 1.17.25ko denbora eginez, eta Eneko Garain billabonatarra zortzigarren, 1.18.47ko denborarekin.

Emakumezkoetan eskualdeko parte hartzaile bakarra izan zen proban, Aitana Amondarain tolosarra, eta seigarren postuan amaitu zuen, 1.42.08ko denbora eginez. Lehen postua Eztizen Duque portugaletearrak lortu zuen, 1.24.33ko denborarekin.

Lehen aldiz egin da Aiako Harria Mendi Lasterketa, Arritxulo Aterpetxeko kideek antolatuta. Eguraldi euritsu eta haizetsuarekin egin zuten lasterketa bukatu zuten 164 kirolariek. Lasterketa egiteaz gain, martxa ere antolatu zen eta 47 ibiltarik parte hartu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!