Saharar herriaren askatasunaren aldeko martxa iritsiko da larunbatean

Ataria 2021ko mai. 19a, 07:57

Bihar aterako da Bilbotik eta Gasteiz arteko bidea egingo du; Tolosan elkarretaratzea egingo dute, Trianguloan.

Sahara herriaren askatasuna eskatzeko estatu mailako martxa bat egingo dute datozen asteetan. Andaluziako Cadiz herritik aterako da bihar eta hainbat herri pasata, ekainaren 19an Madrilera iristea da asmoa. Bertan marchasaharaui.org webgunean irakurri eta sinatu daitekeen manifestua emango diote Espainiako Gobernuari.

Martxa Euskal herriko hainbat herritik pasako da; Irunen sartuko da bihar, eta Bilbo pasa ondoren iritsiko da Tolosaldera larunbatean. 11:00etan Villabonako Errebote plazatik pasako da, 11:45ean Anoetako herriko sarreratik eta 12:15ean iritsiko da Tolosara. Tolosan elkarretaratzea egingo dute 12:30ean, Trianguloan. Eskualdetik Durangora joango da eta Gasteizerako bidea egingo du.

Sahararrek herritarren babesa eskatu nahi dute martxa honekin eta Espainiako Gobernuari «indar administratzaile» bezala sahararrak babesteko betebeharra duela esango diote. Izan ere, 1975ean, Hassan II.a Marokoko erregeak aginduta, 350.000 lagun joan ziren Mendebaldeko Saharara, Sahara Espainiaren menpe zegoelarik. Martxa berdea izena jarri zioten ekimenari. 1976an Marokok okupatu egin zuen Mendebaldeko Sahara, Espainiak berau utzi ostean. Aljeriaren eta Marokoren arteko borrokak izan ziren han eta, azkenean, Marokoren eta Mauritaniaren kontrolpean geratu zen lurraldea. Fronte Polisarioa lehenago sortu zuten -1973an-, eta Mendebaldeko Sahara estatu independente bihur dadin aldarrikatzen du.
Manifestuan Espainiako Gobernuari koherentzia eskatzen diote; «Fronte Polisarioaren status diplomatikoaren onarpena eskatzen dugu, bera baita Saharako Errepublika Arabiarraren ordezkari bakarra». Gogoratu behar da ere gerra piztu zela Saharan pasa den azaroaren 13an. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!