45 urtetik gorakoak laneratzeko doako formazioa

Ataria 2021eko maiatzaren 15a

Lehiberri zentroan eskainiko dute formazio teknikoa.

Tolosaldean 45 urtetik gorakoena da langabetu gehien dagoen adin tartea eta Tolosaldea Garatzenek Lortzen programaren bidez bultzatu nahi du langabe horien aktibazioa. 

Lortzen programa 45 urtetik gorako langabeak formatzeko proiektua da, lan-munduan sartzeko aukerak handitu ditzaten. Bi esparrutan egiten da lan; doako formazio teknikoa eta taldeko nahiz banakako orientazio saioak.

Formazio teknikoa gai zehatz baten ingurukoa da eta aurten 100 orduko prestakuntza eskainiko du Fondo Formación Euskadik, biltegiko lanen eta bezeroen arretaren inguruan. Besteak beste, produktuak antolatzeko, eskaerak prestatzeko, bezeroei arreta emateko, kutxa erregistratzaileak erabiltzeko eta merkataritza elektronikoa ulertzeko gako eta teknikak irakatsiko dira saioetan. Ekainaren 1etik uztailaren 6ra, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era izango dira, Lehiberri zentroan.

Taldekako nahiz banakako orientazio saioekin formazio teknikoa tartekatzen dute, eta helburua da, laneratzeko beharrezkoak diren gaitasun profesional, pertsonal eta emozionalak garatzea. Hala nola, sormena, ardura, moldagarritasuna, enpatia, talde-lana, gatazken kudeaketa, konfiantza, ziurtasuna, autokontrola, automotibazioa edo iniziatiba. Laneko banakako segimendua ere egingo dute.

Taldea osatzen ari da orain Enplegu Saila, eta parte hartu edo informazio gehiago eskuratu nahi dutenek, lan@tolosaldea.eus helbidera idatzi edo tolosaldeagaratzen.eus web orriko Lortzen programaren gunean datuak bete beharko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!