Kantu batetik, talde bat

Jon Miranda Labaien 2021ko mai. 13a, 11:59

Nera musika taldea sortu dute eskualdeko hiru gaztek; 'Itsasoari begira' kantua grabatu eta sareratu dute; kantu berriak prestatzen ari dira, zuzenekoen zain

Ez zuten horrelako harrera berorik espero. Nera talde sortu berriak martxoaren 19an sareratu zuen Itsasoari begira kantua eta berehala zabaldu zen jendartean. Sortu duten abestiak izan duen zabalkundearekin «oso gustura» agertu dira taldeko kide Xabi Zubeldia (Anota, 1999), Iñaki Mujika (Asteasu, 2002) eta Txomin Urdanpilleta (Anoeta, 1998).

Zubeldiak sortutako kantu horretan dago taldearen sorburua. Iaz, itxialdian bete betean geundela sortu zuen Itsasoari begira: «Denontzako izan ziren garai zailak eta egun berean emozionalki gora-behera handiak izaten genituen. Nik hori guztia azaleratu nahi nuen musikaren bitartez, gitarra hartu eta barruan neramana azalarazten saiatu nintzen».

«Kantautore» gisa definitu du bere burua Zubeldiak eta duela bospasei urte gitarra jotzen ikasi zuenetik emanaldiak eskaini izan ditu bakarlari gisa. «Kantuak sortzerakoan beti saiatzen naiz nire bizipenetatik abiatzen eta gertatu izan zaizkidan istorioak eramaten ditut hitzetara». Itsasora begira kantuarekin hasieratik izan zuen argi zer egin, estudioan grabatu nahi zuen.

Asmo hori buruan zuela batu zitzaizkion proiektura Urdanpilleta eta Mujika. «Nik Txomin betidaniko ezaguna dut eta banekien aurretik Bihozkada taldean ibilia zela. Berak komentatu zidan kantua osatzeko bere lehengusu batek, Iñakik, lagundu ziezagukeela eta horrela jarri ginen martxan», esan du Zubeldiak.

Norberak bere ukitua eman dio oinarri bezala aurkeztutako bertsioari. Horrela azaldu du Mujikak: «Xabik kantua aurkeztu zigunean gustatu zitzaigun eta pixkana osatzen joan gara, gure ekarpena eginez. Niri, adibidez, metal progresiboa gustatzen zait gehien, baina beti saiatzen naiz musika estilo berriak ezagutzen eta gauza poperoagoak egiten ere oso gustura nabil». Urdanpilletak aitortu du Zubeldiak eta biak gehiago kointziditzen dutela musika zaletasunean eta gehienbat pop-rock estilora jotzen dutela. Berri Txarrak, Sinsinati eta Muerdo bezalako taldeak aipatu dituzte eraginen artean.

Itsasoari begira piezari norberak bere ekarpena egin ondoren erabaki zuten hiruek Mutrikuko AME estudioan kantua grabatzea, Axular Arizmendi ekoizlearekin. «Asko lagundu digu abestiari beste ikuspegi bat ematen. Moldaketak egin dizkio eta gitarra elektrikoa, baxua, bateria eta bigarren ahotsa gehituta, beste itxura bat du», adierazi du Zubeldiak.

NERA SORTU DA

Bi egun eman zituzten kantua grabatzen Mutrikuko estudioan eta emaitzarekin «oso gustura» agertu dira taldekideak. Hain zuzen, Arizmendik proposatu zien hiruei taldea osatzea. «Hasieran zalantzak izan genituen, baina buelta batzuk eman genizkion eta animatu ginen. Proiektu bat badagoela ikusi dugu, abestiak ere baditugu, beraz, aurrera egitea erabaki dugu».



Zubeldiak berak gitarra akustikoa eta ahotsa jartzen ditu, gitarra elektrikoa eta baxua Mujikak, eta perkusioa, azkenik, Urdanpilletak. Nera izena zergatik aukeratu duten azaldu dute taldekideek: «Hasiera batean Talka izena pentsatuta geneukan, baina sare sozialetan gure kontuak sortzen hasi ginenean konturatu ginen izena hartuta zegoela. Beste aukera batzuk ibili genituen buruan eta azkenean Nera izena iruditu zitzaigun aproposena. Ez du esanahi berezirik, sinplea da, motza, ahoskatzeko erraza eta pentsatzen dugu jendeari erraz geratuko zaiola buruan».

Jendearengana iristea baitute helburu taldekideek. Urdanpilleta: «Gaur egun sare sozialak dira jendearengana iristeko bidea. Kontzerturik gabe, aukera bakarrenetarakoa da eta aprobetxatu beharra dago». Youtube eta Spotify plataformetan jarri dute entzungai Itsasoari begira eta kontua zabaldu dute Instagramen. «Nik ez dut mundu hau gehiegi kontrolatzen baina Txominek eta Iñakik esperientzia handiagoa dute eta inguruan baditugu lagunak logoa diseinatu eta kantuak plataformetara igotzen lagundu digutenak», esan du Zubeldiak.

Lagun artean osatu nahi dituzte hurrengo kantuak. Pare bat prestatu ditu dagoeneko Zubeldiak eta horiek entseatzerako orduan jende gehiago ere gonbidatu dute: «Kantu batean saxofoia sartu nahi genuke eta ezaguna dugun lagun bati esan diogu. Momenturo sortzen zaigun gogo eta beharraren arabera joango gara kolaborazioak bilatzen».

Helburua kantu berriak sortu eta horiek grabatu ahal izatea da, «pixkana». Disko bat argitaratzea gustatuko litzaieke hiruei, eta noski, zuzenekoak eskaintzea: «Prest gaude edozein lekutan jotzeko, gurekin harremanetan jartzea besterik ez dute». Sare sozialetan topatuko du jendeak Nera taldearen erreferentzia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!