Erdi Aroko gazteluen arrasto bila

Jon Miranda Labaien 2021ko mai. 13a, 19:59

Antton Arrietak 'Euskal Herriko gazteluak - Gipuzkoa' liburua argitaratu du; Tolosaldeko bi gaztelu jaso ditu: Abaltzisketa eta Zaldibia arteko mugan dagoen Ausa Gaztelu eta Albizturko Mendikute

Mende laurdena baino gehiago darama Antton Arrietak (Lima, Peru, 1955) arkitektura militarra zerrendatzen, eta bereziki, Erdi Aroko gaztelu eta dorretxeak aztertzen. 2006an Gipuzkoako gazteluak liburua argitaratu zuen eta ordutik buru-belarri ibili da Euskal Herriko gazteluak erroldatzen. Arabari eta Bizkaiari dagozkionak argitaratu ondoren, urtarrilean kaleratu du Euskal Herriko gazteluak - Gipuzkoa liburua. Duela 15 urte baino zortzi gaztelu gehiago jaso ditu lan berrian, orotara 20.

Erdi Aroko gaztelu kontsideratzeko zein baldintza bete behar diren azaldu du Arrietak: «Ikuspegi arkitektonikotik dorre eta harresien konbinazioak egon behar du, eta nolabait, gune bat inguratu behar du, itxitura zentzua edukitzen dute gazteluek». Askotan gaztelutzat hartzen dira beste gisa bateko eraikinak ere eta zehaztapenaren beharra azpimarratu du ikertzaileak. «Gehienetan kutsu militarra duen edozein egiturari gaztelu esaten zaio. Nik gotorleku bezala definitzen ditut fuerteak, dorretxeak, jauregi gotorrak edo etxe gotortuak eta baita gazteluak ere».

Argitaratu berri duen liburuan, 2006koan jasotako aipamen edo leku izen batzuen jatorria argitu du egileak eta honenbestez Gipuzkoako Erdi Aroko gazteluen erroldatik baztertu. Eskualdeko bi ale «bitxi» azpimarratu ditu Arrietak: «Tolosako Aldaba auzoko Gaztelusoro eta Gaztelubide toponimoak erroldatuak genituen, baina dirudienez, izen horiek 1795ean eraikitako gotorleku batetik erator daitezke, Erdi Arotik kanpora, beraz. Konbentzio gerran Tolosa eta Azpeitia arteko bidea zaintzeko egindako gotorlekua zen». Berdina gertatzen da Tolosako hirigune gainean dagoen Gaztelumalda toponimoarekin: «1813an Gasteizko gudua galdu ostean, pixkana atzera egiten ari ziren Frantziako osteak malda horren goialdean kokatu ziren, aliatuak gelditu nahian».

Gipuzkoan Erdi Aroan erroldatutako 20 gazteluetako bi bakarrik kokatzen dira Tolosaldean: Albizturko Mendikuten bata eta Abaltzisketa eta Zaldibia arteko mugan bestea, Ausa Gaztelu izenekoa. «Gaztelu gehiago aurkitu dira Gipuzkoako hegoaldean, erdialdean edo iparraldean baino. Gipuzkoan, Araban eta Bizkaian ez bezala, abeltzaintzarekin lotura estua zuten gazteluen kokaguneek. Abelbideen ondoan eta larreen sarreretan agertzen dira arrastoak. Kontuan hartu behar da Tolosaldea udako eta neguko larre nagusien artean dagoela, Aizkorriko eta Aralarko belardien eta kostaldearen artean. Pasabide garrantzitsua zen, beraz, pentsatzekoa da gaztelu gehiago egongo dela inguru hauetan», esan du Arrietak.


Argazkia: Antton Arrieta

ERROLDA LUZATZEKO AUKERA

Euskal Herriko gazteluak - Gipuzkoa liburuan gaztelu gehiago aurkitzeko aukeren berri ematen du Arrietak. Zantzu guztiak zaizkio baliagarri arrastoaren bila jarraitzeko: toponimia, dokumentazioa, txosten arkeologikoak, agirietan topatutako aipamenak, aztarnak... Ikertzailearen ustez datozen urteetan beste 10-15 gaztelu gehiago sartu daitezke Gipuzkoako Erdi Aroko gazteluen zerrendan.

Berriak aurkitzeko ahalegin horretan beste bide bat osatzen dute jauntxoen Erdi Aroko egoitzek, dorretxe eta jauregi gotorrek. Bizkaian, Araban, Nafarroan eta Iparraldean leinuen gazteluak ohikoak badira ere, Gipuzkoan bat berari ez diote, orain arte, maila hori eman. «Eraikin nagusiaren inguruan indusketak egiten hasiz gero, horietako batean baino gehiagotan harresiak eta lubanarroak topatuko litezke», esan du Arrietak. «Erdi Aroko kroniketan fortaleza izenarekin ageri dira».

Amasa-Villabonako Larrea aipatu du ikerlariak adibidetzat: «Nafarroako erresumako armadak bi aldiz eraso zion Larrea gotorlekuari 1330. urtean, baina ez dago argi bere gain hartzea lortu ote zuten edo ez. Agirietan jasota geratu dira setiorako eta erasorako egurrezko tramankuluak egiteko administrazio nafarrak nolako ordainketak egin zituen. Oso eraikin gotorra zenaren adierazlea da». Amezketako jaunaren egoitzarekin, gaur egungo Jauregi Handirekin, edota Tolosako Iurramendin zegoenarekin ere hipotesi bertsuak egin ditu Arrietak.

Ugariak dira gaztelu hitza daramaten leku izenak Tolosaldean. Karlistaldian asko ugaritu ziren gisa horretako toponimoak, baina agirietan garai horren aurreko zantzuak ere topatu izan ditu Arrietak. Alkizako Otsagaztelueta, Asteasuko Andazarraten dagoen Gazteluko haitza, Berastegiko Argaztelu edota Zizurkilgo Gazteluerreka. «Gaztelu hitzarekin batera askotan dakar toponimoak haitzaren erreferentzia eta hori gertatzen da, haitza bera, elementu geografikoa baliatzen zutelako eraikina zutitzeko. Guretzako beste aztarna bat da hori balizko gazteluen arrastoak aurkitzeko», dio Arrietak.

Latineko turris hitzetik datorren erroa daramaten izenetan jarri du arreta Arrietak: «Interesgarria da oso leku-izen horiei begiratzea. Eskualdean Albiztur eta Uzturre bezalakoak ditugu. Amasan ere badago Lastur mendia eta bertan aztarnak aurkitu ditugu, nahiz eta lur horietatik gasbidea sartu zuten. Pentsatzen dugu eremu horretan egon litekeela zerbait. Deigarria da, herritarrek nola deitzen dioten tokiari Sasonen kakapila». Arrasto hauek jarraituz Gipuzkoako Erdi Aroko gazteluen errolda handitzen jarraitzeko asmoa du Arrietak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!