Kolore gorririk gabe aurkeztu dute Buruz Buruko txapelketa

Ataria 2021eko maiatzaren 12a

Erik Jakaren hutsunea izango du aurtengo Buruz Buruko txapelketak; ostiralean emango zaio hasiera Azkoitian, Ezkurdia eta Peña II.aren arteko partidarekin.

Kolore gorririk gabe, txapelduna tartean ez dela emango zaio hasiera Buruz Buruko txapelketari, ostiral honetan, Azkoitian. Gaur eman diote alta Erik Jakari, baina lau eta zortzi aste bitartean beharko ditu osatzeko. Beraz, ezin izango du Baikorekin estreinako txapelketa  jokatu. Hortaz, hiru izango dira eskualdeko ordezkariak txapelketan: Iñaki Artola, Jokin Altuna eta Jon Ander Peña.

Goizean egin dute aurkezpena Donostian, eta bertan izan dira parte hartuko duten hamabi pilotariak, enpresa bakoitzetik sei: Baikotik, Mikel Urrutikoetxea, Asier Agirre, Oinatz Bengoetxea, Jon Ander Peña, Iñaki Artola eta Axier Arteaga ariko dira; eta Aspetik, Jokin Altuna, Joseba Ezkurdia, Danel Elezkano, Dario Gomez, Jose Jabier Zabaleta eta Beñat Rezusta.

Ostiralean ekingo zaio txapelketari: Ezkurdia eta Peña II.a ariko dira, Azkoitian. Irabazleak Altuna III.aren aurka jokatu beharko du hilaren 23an, Donostian. Larunbatean, berriz, Zabaletak eta Arteaga II.ak jokatuko dute, Iruñean, eta bien arteko irabazleak Darioren aurka jokatu beharko du; partida hau ere maiatzaren 23an izango da, Donostian. Igandean, berriz, bi neurketa jokatuko dituzte Bilbon: Agirre, Artolaren aurka, eta, Bengoetxea VI.a, Rezustaren kontra. Rezustaren eta Bengoetxea VI.aren artekoak Elezkano II.a izango du aurkari, hilaren 21ean, Idiazabalen; eta Agirreren eta Artolaren artekoak, Urrutikoetxea, hilaren 22an, Bilbon. Finala, ekainaren 13an jokatuko da, Bilbon. 

Aurten ere, momentuz, harmailetan ikuslerik gabe jokatu beharko dute txapelketa. "Ea nola doan txertaketa, baina oso zaila izango da ikusleak izatea", esan du Inaxio Errandonea Aspeko zuzendari komertzialak. Kasu honetan, enpresek onartu egin dute txapelketan zehar botilleroak kantxan izateko pilotariek egin duten eskaera.

  

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!